‘Bide berean’, errealitatearen erakusleiho

Zarauzko Hitza 2011ko maiatzaren 26a

Argazkien Bilerako seigarren eta azken proposamena Sanz Enea kultur etxean dago ikusgai joan den astetik. Argazkilaritza egitasmoaren barruan, bi erakusketa zabaldu dituzte aurten areto horretan. Maiatzaren erdialdera arte, Gabriel Zelaia poetari buruzko monografikoa jarri zuten, eta, orain, ekainaren 5era bitartean, Bide berean erakusketa kolektiboari pasatu dio lekukoa. Bertan jaso dituzten argazkiek ez dute ikuspegi artistiko sakonik izango, beharbada. Baina alde hori nabarmena ez badute ere, garrantzia sozial handia dute. Bide berean adimen urriko pertsonen inguruko erakusketa da, eta Gipuzkoako hainbat erakundek gaixoekin egunez egun egiten duten lana ezagutaraztea eta eskertzea du helburu. Elkarteen jarduna Zarauzko Udalak eta Photomuseum Argazki eta Zinema Museoak elkarlanean antolatu dute erakusketa, eta elkarte hauek hartu dute parte: Aspacek, Atzegik, Gautenak, Goienetxe Fundazioak, Gureak elkarteak eta Uliazpik, hain zuzen ere. Elkarte bakoitzak bere arloan egiten dituen jarduerak aurkeztu ditu aretoan, tamaina txikiko argazkien bitartez. Era berean, elkarte bakoitzaren historia laburra eta informazioa jarri dute jendaurrean ikusgai. Erakusketa modu ludikoan diseinatuta dago, gainera. Sanz Eneako bi gela nagusiak naturaz jantzi dituzte: batean, mendia irudikatu dute, eta bestean, berriz, itsasoa. Aipatu elkarteek utzitako argazkiak zuhaitzetan, arrain artean eta olagarro artean txertatu dituzte. Eta, irudiotan, adimen urritasuna dutenak ageri dira, beren eguneroko zereginetan: lanean, ikasten, jolasean, kirola lantzen… Nolabait [...]

Argazkien Bilerako seigarren eta azken proposamena Sanz Enea kultur etxean dago ikusgai joan den astetik. Argazkilaritza egitasmoaren barruan, bi erakusketa zabaldu dituzte aurten areto horretan. Maiatzaren erdialdera arte, Gabriel Zelaia poetari buruzko monografikoa jarri zuten, eta, orain, ekainaren 5era bitartean, Bide berean erakusketa kolektiboari pasatu dio lekukoa.
Bertan jaso dituzten argazkiek ez dute ikuspegi artistiko sakonik izango, beharbada. Baina alde hori nabarmena ez badute ere, garrantzia sozial handia dute. Bide berean adimen urriko pertsonen inguruko erakusketa da, eta Gipuzkoako hainbat erakundek gaixoekin egunez egun egiten duten lana ezagutaraztea eta eskertzea du helburu.
Elkarteen jarduna
Zarauzko Udalak eta Photomuseum Argazki eta Zinema Museoak elkarlanean antolatu dute erakusketa, eta elkarte hauek hartu dute parte: Aspacek, Atzegik, Gautenak, Goienetxe Fundazioak, Gureak elkarteak eta Uliazpik, hain zuzen ere. Elkarte bakoitzak bere arloan egiten dituen jarduerak aurkeztu ditu aretoan, tamaina txikiko argazkien bitartez. Era berean, elkarte bakoitzaren historia laburra eta informazioa jarri dute jendaurrean ikusgai.
Erakusketa modu ludikoan diseinatuta dago, gainera. Sanz Eneako bi gela nagusiak naturaz jantzi dituzte: batean, mendia irudikatu dute, eta bestean, berriz, itsasoa. Aipatu elkarteek utzitako argazkiak zuhaitzetan, arrain artean eta olagarro artean txertatu dituzte. Eta, irudiotan, adimen urritasuna dutenak ageri dira, beren eguneroko zereginetan: lanean, ikasten, jolasean, kirola lantzen… Nolabait esateko, askotan ezkutuan geratzen den errealitatearen erakusleiho bihurtu dute erakusketa.
Antolatzaileek izaera jostagarria eman nahi izan diote Bide berean erakusketari. Horren adibide dira bi gela nagusiak. Baina baita horiek batzen dituzten erdiko bi gelatxoak ere. Izan ere, auto eta txalupa baten dekoratua jarri dute horietan, nahi dutenek bertan argazkia atera eta oroigarri bat izan dezaten. Argazkia momentuan atera eta ematen dute, hiru euroren truke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide