Enpresa kataluniar batek zainduko du hondartza, eta Gurutze Gorria haserre da

Zarauzko Hitza 2011ko maiatzaren 17a

Egoera ekonomiko larria dela-eta, gastuak murrizteko hainbat neurri hartu ditu Udalak. Mankomunitateari 100.000 euro gutxiago ordaintzeaz gain, hondartza zaintzeko ardura Kataluniako talde bati esleitu dio. Ondorioz, hainbat urtean lan horretan jardun duten Gurutze Gorriko boluntarioak haserre ageri dira: «Arduragabekeriaz jokatu du Udalak, eta suminduta gaude». Lehiaketa publiko bidez erabakitzen da nori esleitu hondartza zaintzeko lana. «Hainbat puntu hartzen da kontuan esleipena egiterakoan. Horietako bat esperientzia da. Azken hiru hamarkadetan Gurutze Gorria arduratu da hondartza eta erabiltzaileak zaintzeaz. Hortaz, esperientzia handia dugu lan horretan. Dirudienez, ordea, diru kontuek horrek baino garrantzi handiagoa dute». Izan ere, Udalak 20.000 euro aurreztuko ditu enpresa kataluniarra kontratatuz gero. Ondorioak Horrek herritarrengan «eragin zuzena» izango duela nabarmendu du Gurutze Gorriko langile batek. Batetik, Kataluniako sorosleek «hemengo itsasaldien inguruan ezer gutxi» dakitela azaldu du: «Haiek Mediterranio itsasoko baldintzetara daude ohituta. Kantauri itsasoa oso bestelakoa da, ordea. Mediterranioan ez dago korronterik; hemen eremu askotan sortzen dira, eta aldatu egiten dira, gainera, egun batetik bestera. Ez dakite galerna zer den, bestalde». Horrez gain, Katalunian banderak ez dituztela erabiltzen esan du eta anbulantziarik edota uretako motorrik ez dutela gehitu du. «Gurutze Gorrian, berriz, ekipamendu osatua dugu aspaldidanik», dio. Bestalde, ez dakitela euskaraz jakinarazi du: «Gurutze Gorriko kideoi euskara jakitea eskatzen [...]

Egoera ekonomiko larria dela-eta, gastuak murrizteko hainbat neurri hartu ditu Udalak. Mankomunitateari 100.000 euro gutxiago ordaintzeaz gain, hondartza zaintzeko ardura Kataluniako talde bati esleitu dio. Ondorioz, hainbat urtean lan horretan jardun duten Gurutze Gorriko boluntarioak haserre ageri dira: «Arduragabekeriaz jokatu du Udalak, eta suminduta gaude».
Lehiaketa publiko bidez erabakitzen da nori esleitu hondartza zaintzeko lana. «Hainbat puntu hartzen da kontuan esleipena egiterakoan. Horietako bat esperientzia da. Azken hiru hamarkadetan Gurutze Gorria arduratu
da hondartza eta erabiltzaileak zaintzeaz. Hortaz, esperientzia handia dugu lan horretan. Dirudienez, ordea, diru kontuek
horrek baino garrantzi handiagoa dute». Izan ere, Udalak 20.000 euro aurreztuko ditu enpresa
kataluniarra kontratatuz
gero.
Ondorioak
Horrek herritarrengan «eragin zuzena» izango duela nabarmendu du Gurutze Gorriko langile batek. Batetik, Kataluniako sorosleek «hemengo itsasaldien inguruan ezer gutxi» dakitela azaldu du: «Haiek Mediterranio itsasoko baldintzetara daude ohituta. Kantauri itsasoa oso bestelakoa da, ordea. Mediterranioan ez dago korronterik; hemen eremu askotan sortzen dira, eta aldatu egiten dira, gainera, egun batetik bestera. Ez dakite galerna zer den, bestalde». Horrez gain, Katalunian banderak ez dituztela erabiltzen esan du eta anbulantziarik edota uretako motorrik ez dutela gehitu du. «Gurutze Gorrian, berriz, ekipamendu osatua dugu aspaldidanik», dio.
Bestalde, ez dakitela euskaraz jakinarazi du: «Gurutze Gorriko kideoi euskara jakitea eskatzen digute. Orain , ordea, kanpotarrak kontratatuko dituzte, eta haiek ez dakite euskaraz, ziur». Horrek arazoak ekar ditzake: «Nola komunikatuko dira euskaraz soilik dakien eta galduta dagoen haur batekin?».
Ondorioz, hainbat zarauztar eta gipuzkoar udako enplegurik gabe geratu dela nabarmendu du. Horrez gain, Zarautzen lan egiten dutenek irabazten duten dirua «Zarautzen geratzen» dela dio, eta haiek trebatzera bideratzen dutela: «Ikastaroak antolatzen ditugu diru horri esker; itsasoko praktikak egiten ditugu, besteak beste».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide