Bere sormen literarioa Lizardi Sarira aukezten zuen lehen saioa zuen, eta bete-betean asmatu du. Bermeon bizi da Arrate Egaña (Errenteria, 1963) idazlea, eta Zarauzko Udaleko Euskara Zerbitzuak antolaturiko haur eta gaztetxoei zuzendutako XXIX. edizioa irabazi du. Nikoren istorioa kontagai du Giltza izeneko lanak, eta horrek eman dio horretarako beta. Hamaika lan aurkeztu dituzte aurtengo sariketara, eta Jesus Mari Olaizola Txiliku, Miren Agur Meabe, Iñaki Friera eta iazko irabazle Castillo Suarez laukoteak osatutako epaimahaia Egañaren lanaren alde agertu da. Ondorioz, 3.700 euroko sariarekin batera, bere lana argitaratu eta herriko ikastetxeetan doan banatuko dute. Sari banaketa ekitaldia gaur egingo dute, 19:00etan, Sanz Enea liburutegian.
Beti da pozgarria literatur lehiaketa batean saria jasotzea, eta zuk halako hainbat sari duzu. Baina, idazle zaren aldetik, zer izan da zuretzat Lizardi Saria irabaztea?
Oso sari handia da, ganorazkoa. Historia eta prestigioa du, eta aurrerapauso garrantzitsua da nire ibilbidean. Gainera, epaimahaikideak idazle handiak dira. Alde emozionala ere badu niretzat, Lizardi idazlearen familia ezagutzen baitut: laguna dut Karmele Agirre, haren biloba zarauztarra. Horrek guztiak are gertuagokoa sentiarazten dit saria.
Haur eta gaztetxoen literaturan berezituta zaude batez ere. Hori kontuan izanda, lehiaketarako baldintza guztiak betetzen zenituela esan genezake.
Ez nago horretaz hain ziur. Gustuko dut haurrentzat eta gazteentzat idaztea, baina ez dut inoiz irakurlea buruan izaten idazteko garaian. Istorioak berak eramaten nau. Bestalde, nola asmatu lehiaketa batean zer eskatzen duten? Zer baloratuko duten gehienbat?
Askotan hartu al duzu parte Lizardi Sarian? Aspalditik al zeneukan begiz jota?
Bada, ba. Arestian esan bezala, Lizardi Saria berezia izan da niretzat, eta gogoan nuen aspalditik. Nolanahi ere, orain arte ez naiz inoiz aurkeztu. Lehenengo aldia izan da honakoa, eta zorionekoa suertatu da.
Saritu duten Giltza ipuina lehiaketarako espresuki sortu al zenuen?
Bai,ordenagailuko tripetatik ideia horren inguruko zirriborroa berreskuratu nuen liburua osatzeko. Gabonetan proiektuan murgildu nintzen, eta ia beste ezer egin gabe, oporrak horretan eman nituen. Azkeneko momentura arte ibili nintzen testua biribiltzen.
Eta noren atea zabaltzen du zure Giltza-k?
Liburuan, giltzak Niko protagonistaren etxea baino ez omen du zabaltzen, nahiz eta zeharka zain duen helduen mundura ere bide eman. Giltza egokiek auskalo zelako ateak ireki ditzaketen… Niri honek sari hau lortzeko atea zabaldu dit, behintzat.
Konta ezazu gutxi gorabehera ipuinaren nondik norakoa.
Liburuak bi ildo nagusi ditu. Batetik, giltzaren istorioa dago. Hasieran, Niko pozik dago etxeko giltza eskuan duela, askatasuna eta heldutasuna irudikatzen duelako. Giltza horrek, ordea, nolabaiteko botereaz baliaturik mutilaren desioak betetzen ditu, baina ez berak nahi duen moduan. Bestetik, misteriozko istorio bat dago, auzoan lapur bat dabilelako. Niko, bere lagunekin batera, lapur hori nor den asmatzen saiatuko da. Istorioez gain, Nikoren bizimodua aztertzen dut, auzoko giroa, lagunen arteko harremana, familia, maitasuna… Horrek denak testuingurua marrazten du.
Noren ikuspegitik dago kontatuta istorioa, eta idazterakoan zertaz oinarritu zara?
Edozer testu idazterakoan kontu ugari izaten dut buruan. Irakurritako abenturak, edo pelikuletan ikusitakoak, niri edo ingurukoei gertatutakoak, eta abar. Kasu honetan, narrazioa giltzatik abiatu zen. Ondo oroitzen naiz niri noiz eman zidaten etxean libre sartzeko giltza –oso berandu izan zen, bide batez esanda–, eta orduz geroztik, giltzek beste errealitate batera garraiatzeko gaitasuna dutela iruditzen zait.
Haurrentzat idazten denean, betiere estilo xumeagoa baina era berean bizia erabili ohi da. Alde horretatik, asko zaindu al duzu lan honetan?
Niretzako idazki guztiek eskatzen dute asko; hau da, umeentzako zein helduentzako testuak sakonki jorratu behar dira. Liburu honen estiloa lantzen ere gogor saiatu naiz. Horrek ematen dit lan handiena.
Zertan da berezia Giltza, eta zergatik uste duzu aukeratu duela epaimahaiak?
Ez dakit. Haiei galdetu beharko diezu. Nik zera dakit soilik: ahalegindu naizela.
Bazeneraman denbora dezente ezer argitaratu gabe. Saria aurrera jarraitzeko pizgarria izango dela uste al duzu?
Jarraitu, etengabe jarraitzen dut idazten, nahiz eta zaila egiten zaidan denbora aurkitzea nahi dudan guztiari bidea emateko. Baina, inolako zalantzarik gabe, bai, pizgarria da, eta pozgarria, idazlearen zeregina bakartia baita oso, eta askotan latza ere bai. Beraz, horrelako saria jasotzea bultzada ederra da.