2010eko udaberrian Udalak garbitasunari buruzko araudia onartu zuen aho batez. Ordenantzaren helburua «zabarkeria eta zikinkeria arautzea» dela adierazi zuten udal ordezkariek. Gazte asanbladak, ordea, «higienearen eta garbitasunaren gainetik dauden helburuak» dituela salatu du. «Udalerria ideologikoki garbi mantentzea du xede araubideak», nabarmendu dute Zagako kideek.
Jakinarazi zutenez, «legeak eduki zabala du eta ekintza ugari zigortzen» ditu. «Kalean txiza egitea, zuhaitzetara igotzea, lokaletako pertsionak hondatuta egotea eta zaborrontzietatik hondakinak ateratzea», besteak beste. Hala ere, ordenantza argitaratu bezain pronto, «haren helburu nagusia bestelakoa» zela ohartu ziren: «Ordenantza puntuz puntu aztertu eta isunen larritasunaz ohartzea besterik ez dago horretaz jabetzeko». Izan ere, Zagako kideen arabera, pankartak, kartelak, eskuorriak, eta, orohar, edonolako informazioa banatzea eta ekintza aldarrikatzailea «gogor zigortzen» ditu garbitasun ordenantzak. «Horren adierazle dira, gainera, ordenantza honi lotuta, pasa den azaroan eta abenduan jaso genituen isunak; kartelak zintzilikatzeagatik, zehazki», azaldu zuten: «Ordenantzak biltzen dituen puntu ugari egunero-egunero hausten dira. Kalean txiza egiteagatik eta antzerako ekintzengatik ez dugu jakin inor zigortu dutenik».

Hori dela eta, ordenantza «komeni zaien pertsonei izorratzeko soilik» sortu zutela nabarmendu dute: «Legea sortu zutenean asmoa hainbat jende multaz jostea zen». Horren harira, isunak «nahierara» aukeratutako pertsonei jarri dizkietela adierazi dute. «Eta kasu batzutan oso modu baldarrean, batzuk parte ez diren kolektiboetako kartelak zintzilikatzeagatik zigortu dituzte, adibidez». «Udalaren guztiok zaku berean sartu gaitu». Hori dela eta, isunak jaso dituzten herritarrak asteazkenetan egiten dituzten gaztetxeko asanbladetara bertaratzera deitu dituzte, gaiaz hausnartzera.
Aurrerantzean ere aldarrikapenak «orain artean bezala» egingo dituztela diote: «Guk kaleak aldarrikapenak egiteko eta geure informazioa banatzeko erabiltzen ditugu. Aurrerantzean ere hala segituko dugu, beharrezkoa iruditzen baitzaigu». Gazteen arabera, panel urdinak ez dira nahikoak informazio oro jasotzeko, eta Udalekoen asmoa «horien bitartez zenbait ideia zentsuratzea» dela gehitu dute.