Zurekin Ostalarien Elkartea, urte hasieran sortu zen arren, bere tokia irabazten ari da herrian. «Bisitariak erakartzeko eta Zarautzi bizitasuna emateko» lanetan, hainbat ekitaldi antolatu du urtarriletik gaur arte. Aurreko ekimenek «erantzun ona» izan dute, eta indarturik, udaberrira begira musika jaialdia prestatzen ari dira elkarteko kideak. Jakinarazi dutenez, «Euskadin erreferentea» izango den jaialdia antolatzea dute helburu.
Bi hilabete inguru iraungo duen jaialdian bertako zein kanpoko taldeak bilduko dituzte, «euren estilo an eta generoan ospea duten taldeak», alegia. Hala, Zarauzko eszenatokietan izango dira datorren apirilaren 29tik ekainaren 24ra bitartean Fangoria eta Nena Daconte Espainiako taldeak. Horietaz gain, Euskal Herri mailan ezagunak diren Delorean, Zea Mays, Sorkun eta Berri Txarrak taularatuko dira, besteak beste. Bestalde, herriko harrobia ez dute ahaztu Zurekin Elkarteko kideek. Hala, Mantisa zein Skasti taldeek ere parte hartuko dute Udaberri Fest jaialdian.
Egitaraua
Apirilak 29, ostirala. Musikaz blai bertso saioa. Jokin Labaienek, Jon Martinek, Iñigo Manzisidor Mantxi-k, Beñat Gaztelumendik eta beste hainbat bertsolarik hartuko dute parte bertan. Jon Ansa izango da gaijartzailea.
Apirilak 30, larunbata. Delorean taldearen kontzertua. Behin emanaldia amaituta, zarauztarrek zuzenean jarriko dute musika.
Maiatzak 6, ostirala. Txomin Artola eta Anje Duhalde bakarlarien kontzertua.
Maiatzak 7, larunbata. Berri Txarrak, Gatibu, Esne Beltza, Mantisa, Intro eta Skasti taldeen kontzertuak.
Maiatzak 28, larunbata. Oreka Tx , Kukai eta Amaren Alabak taldeen emanaldia.
Ekainak 3, ostirala. Gose eta Zea Mays taldeen kontzertuak.
Ekainak 17, ostirala. Sorkun eta Fangoria taldeen kontzertuak.
The Uski´s eta Nena Daconte taldeen emanaldiak.