Gaur Santa Barbara-Garatez jardungo dute, babes eremuen polemika erdian

Zarauzko Hitza 2011ko martxoaren 15a

Ingurumenaren ikuspegitik garrantzia berezia duten guneak are gehiago babesteko bideari ekin dio Eusko Jaularitzak, EB Europako Batasuneko zuzentarau batek hala aginduta. Horietako bat Santa Barbara-Garate eremua da. Martxoaren 3an Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian gunea KBE Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko eta leku horri dagozkion zaintza-neurriak onartzeko dekretu-proiektuei emandako hasierako onespena argitaratu zuten. Horren harira, gaur 18:30etan informazio saioa egingo dute Etxezabalan, guneari dagozkion argibideak herritarrei helaratzeko. Bertan izango da Eusko Jaurlaritzak proiektua bideratzeko kontratatutako enpresako teknikarietako bat. Apirilaren 4a arte jendaurrean jarriko dute proiektua, eta bihar, ordu eta erdiko saioan, planaren nondik norakoak azalduko dizkie bertaratzen direnei. Jakinarazi dutenez, saioa gaian interesa dutenei eta KBEko lurretako jabeei eta erabiltzaileei, Zarauzkoak zein Getariakoak, egongo da zuzendua. Eztabaida Denera, 20 eremutan ari da aldaketak egiten Jaurlaritza, eta eskualdeko bost alkate ez datoz bat erabakiarekin, Gipuzkoako beste 10 udalbururekin batera. Aia, Azkoitia, Azpeitia, Errezil eta Orioko alkateak, hain zuzen. Alkateok adierazi dute hirigintza planak-eta abian dituztela azken urteetan, eta Ingurumen Sailaren asmoek horietako batzuk ezbaian jartzen dituztela, babes eremuetan daudelako. Alkateek «harridura, kezka eta zalantza» erakutsi dute babesguneak zabaltzearekiko, eta atzera egiteko eskatu dute. «Udalen autonomiari eraso egin diote», salatu du Orioko alkate Jon Redondok. Proiektuak «itolarrian» jarri dituztela diote. Izan ere, haien arabera, [...]

Ingurumenaren ikuspegitik garrantzia berezia duten guneak are gehiago babesteko bideari ekin dio Eusko Jaularitzak, EB Europako Batasuneko zuzentarau batek hala aginduta. Horietako bat Santa Barbara-Garate eremua da. Martxoaren 3an Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian gunea KBE Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko eta leku horri dagozkion zaintza-neurriak onartzeko dekretu-proiektuei emandako hasierako onespena argitaratu zuten.
Horren harira, gaur 18:30etan informazio saioa egingo dute Etxezabalan, guneari dagozkion argibideak herritarrei helaratzeko. Bertan izango da Eusko Jaurlaritzak proiektua bideratzeko kontratatutako enpresako teknikarietako bat. Apirilaren 4a arte jendaurrean jarriko dute proiektua, eta bihar, ordu eta erdiko saioan, planaren nondik norakoak azalduko dizkie bertaratzen direnei. Jakinarazi dutenez, saioa gaian interesa dutenei eta KBEko lurretako jabeei eta erabiltzaileei, Zarauzkoak zein Getariakoak, egongo da zuzendua.
Eztabaida
Denera, 20 eremutan ari da aldaketak egiten Jaurlaritza, eta eskualdeko bost alkate ez datoz bat erabakiarekin, Gipuzkoako beste 10 udalbururekin batera. Aia, Azkoitia, Azpeitia, Errezil eta Orioko alkateak, hain zuzen. Alkateok adierazi dute hirigintza planak-eta abian dituztela azken urteetan, eta Ingurumen Sailaren asmoek horietako batzuk ezbaian jartzen dituztela, babes eremuetan daudelako. Alkateek «harridura, kezka eta zalantza» erakutsi dute babesguneak zabaltzearekiko, eta atzera egiteko eskatu dute.
«Udalen autonomiari eraso egin diote», salatu du Orioko alkate Jon Redondok. Proiektuak «itolarrian» jarri dituztela diote. Izan ere, haien arabera, Jaurlaritzak babes berezia eman nahi dien inguru batzuk urbanizagarriak dira. «Orioko kasuan herrigunearen garapena bere horretan jartzen dute auzitan, eta egungo Orioko herri kaskoa eta hondartza bitarteko lur sailen urbanizazioa auzitan jartzen dute», adierazi du Redondok. «Bere horretan dagoenekoz abian daude etxe promozio berriak eta kiroldegi eta futbol zelai inguruneak ere auzitan jarriko lirateke, eta tramitazio berrietan zailtasun handiagoak ezarriz, nolanahi ere».
Baina areago, landa inguru diren sailetan ere ikusten dute arazoa, lurjabeekin. «Jaurlaritzak ez du inolako zehaztapenik adierazten bere neurriek lurjabeei sortuko dizkieten kalteez eta eman beharreko ordainez», adierazi dute. Eusko Jaurlaritzak Errezilen kasuan «aldaketa eta galarazpen gutxi» izango direla jakinarazi zuela adierazi du Errezilgo alkate Iñaki Oiartzabalek, eta «galarazpenak izatekotan diruz konpentsatuko» duela. Hala ere, diru konturik ez dela zehaztu gehitu du Oiartzabalek. Errezilgo lursail pribatuak hartuko ditu proiektuak, «eremu pribatu ez eraikigarriak» hain zuzen. «Lurrok ematen dutenetik bizi dira artzainak eta basozainak, zuzenean eragingo die Jaurlaritzaren asmoak haiei».
«Interbentzionista»
Araudia «oso interbentzionista» dela salatu dute alkateek, «mugatzailea», eta «dirutza» eskatuko duela uste dute. «Paperak guztia jasaten du, baina gero sortzen dituen eraginak aztertu behar dira», ohartarazi du Aiako alkate Igor Iturainek.
Hartara, atzera egiteko eskatu diote alkateek Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari, eta, bide batez, hasteko hutsetik egitasmoa aztertzen. Era berean, udalekin elkarlanean jardutea ezinbestekotzat jo dute.
Hogei gunetan lanean
Europako Batasunaren zuzentarauak hala aginduta, intereseko toki izendatu zituzten inguru zenbait bereziki zaindu beharreko gune bihurtzeko bidea hasi du Ingurumen Sailak. Guztira 20 eremutan ari da aldaketak egiten. Babesa bai, baina erabatekoa ere ez da izango: eraikuntzak-eta egiteko zailtasun gehiago izango da inguru horietan, baina ez galarazpenik.
Iragan abenduan hasi zuen guneen izaera aldatzeko bidea Jaurlaritzak. Europako Batasunak emandako agindu bat dago jatorrian: Europako Batasunaren intereseko toki izendatutako guneek bereziki zaindu beharreko toki izendapena jaso behar dute sei urte baino lehen. Horretarako plana egiten ari da Ingurumen Saila. Babesa handitzeko helburuarekin, orain artekoak baino babes eremu zabalagoak jartzea proposatu du Jaurlaritzak intereseko gune gehienetan. Gizakiek ez eragitea bermatu nahi dute modu horretara.Denera 20 guneren izendapena aldatzeko bidea hasi du Jaurlaritzak: ibaiak eta itsasadarrak dira 14; sei, mendiguneak. Informazio publikorako epea agortu dute egitasmo gehienek, hiruk izan ezik: Aiako Harrikoa, Garate-Santa Barbarakoa eta Pagoetakoa. 2004 eta 2006 artean izendatu zituzten EBren intereseko toki. Jaizkibel itsasartearen kasua ere hori da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide