“Gizarteak emango dio bultzada ofizialtasunari”

Urola Kostako Hitza 2011ko martxoaren 10a

Futbola izan zuen bizibide Joxe Angel Iribarrek (Zarautz, 1943). Bere garaian, munduko atezain onena izan zela diote, eta orain ere hala gogoratzen dute. Beti jokatu zuen Athleticen, hasi eta bukatu, futbola orain dena ez zen garaietan. Euskal Selekzioko entrenatzailea ere izan da hemezortzi urtez, eta oraintxe utzi du lan hori. Orain ere futbolean murgilduta dabil, bere betiko klubean lanean segitzen baitu. Euskal Selekzioko entrenatzaile izateari utzi berri diozu. Zergatik? Lagatzeko ordua iritsi zaidalako, batez ere. Hemezortzi urte egin ditut zeregin horretan, eta garaia da uzteko. Jende berria sartzeko beharra zegoela pentsatuta neukan. Hala ere, ahal dudan neurrian laguntzen segituko dut, ofizialtasunaren alde. Bukaera gozoa izan da ala gazia, azken urteetako gorabeherengatik? Gozoa izan da benetan. Azkeneko partida oso ondo atera zen, emaitza ere aldekoa izan genuen. Berriz jokatzeak poz handia eman zidan. Banuen helburu hori, berriz partidan martxan jartzekoa, eta lortu dugu. Hemezortzi urte hauen balorazioa nolakoa da? Ona. Epe luzerako izango da ofizialtasunaren gaia. Baina hasi ginenetik gaur arte, gizartean jende gehiago dago alde, eta partidako giroan ikusten da hori. Jokalari zinela ere aritu zinen Euskal Selekzioan, eta garai ezberdinak izanagatik ordukoak eta oraingoak, ofizialtasuna aldarrikatzeko borrokak zer bilakaera izan du? Hasieratik egon da horretarako gogoa gizartean. Orduan izugarrizko [...]

[Aitor Manterola] Futbola izan zuen bizibide Joxe Angel Iribarrek (Zarautz, 1943). Bere garaian, munduko atezain onena izan zela diote, eta orain ere hala gogoratzen dute. Beti jokatu zuen Athleticen, hasi eta bukatu, futbola orain dena ez zen garaietan. Euskal Selekzioko entrenatzailea ere izan da hemezortzi urtez, eta oraintxe utzi du lan hori. Orain ere futbolean murgilduta dabil, bere betiko klubean lanean segitzen baitu. Euskal Selekzioko entrenatzaile izateari utzi berri diozu. Zergatik? Lagatzeko ordua iritsi zaidalako, batez ere. Hemezortzi urte egin ditut zeregin horretan, eta garaia da uzteko. Jende berria sartzeko beharra zegoela pentsatuta neukan. Hala ere, ahal dudan neurrian laguntzen segituko dut, ofizialtasunaren alde. Bukaera gozoa izan da ala gazia, azken urteetako gorabeherengatik? Gozoa izan da benetan. Azkeneko partida oso ondo atera zen, emaitza ere aldekoa izan genuen. Berriz jokatzeak poz handia eman zidan. Banuen helburu hori, berriz partidan martxan jartzekoa, eta lortu dugu. Hemezortzi urte hauen balorazioa nolakoa da? Ona. Epe luzerako izango da ofizialtasunaren gaia. Baina hasi ginenetik gaur arte, gizartean jende gehiago dago alde, eta partidako giroan ikusten da hori. Jokalari zinela ere aritu zinen Euskal Selekzioan, eta garai ezberdinak izanagatik ordukoak eta oraingoak, ofizialtasuna aldarrikatzeko borrokak zer bilakaera izan du? Hasieratik egon da horretarako gogoa gizartean. Orduan izugarrizko giroa zegoen, beste garai batzuk ere baziren. Oraingoa lehengoaren jarraipena da. Zer behar da ofizialtasuna lortzeko? Ez dago gure esku. Borondatea falta da, garbi dago. Ez dagoen bitartean zaila izango da. Baina gizarteak bultzada emango dio, eta gero eta handiagoa izango da bultzada hori. Hortik etorri beharko du ofizialtasunak. Borondaterik ez duenak amore emango al du gizartearen eskariaren aurrean? Baietz espero dut. Lehenago edo berandugo etorriko da. Euskal Selekzioan ez ezik, Athleticen ere izan zinen entrenatzaile, harrobian eta lehen taldean. Zeinetan aritu zinen erosoago? Nire lana harrobiarekin lotua egon da beti. Lehen taldeko ardura beste entrenatzaile bat ordezkatzeko hartu nuen, eta gusturago ibili izan naiz harrobiarekin. Jokalari bezala ikasitakoa gazteei erakustea lan polita da. Ezberdina da harrobian aritu eta lehen taldea entrenatzea, azken honetan begi guztiak zuri begira daudelako. Lehen taldearen ardura hartu zenuean ez al zinen arriskuan jartzen ari jokalari bezala lortu zenuen ospea, miresmena eta maitasuna Athleticeko zaleen artean? Ez, ez nuen horretan pentsatu. Athletic bezalako talde bateko kide zarenean, konpromisoak hartu behar dituzu, eta edozertarako prest egon beharra dago. Ezin duzu aukeratu zer nahi duzun. Talde lanean sinesten dut, eta ardura hura hartu beharra izan nuen. Jokalari izateari utzi zenionean garbi al zenuen entrenatzaile izango zinela gero? Bai, bai. Atezainen entrenatzaile ere izan nintzen, eta aurrenekoa izan nintzen lan hori modu espezifikoan lantzen. Euskal Selekzioko beste hautatzaileak, Mikel Etxarrik, hau esaten du: «Atezain izan denak aukera gehiago dauzka entrenatzaile izateko, ohituta dagoelako jokoa osotasunean ikusten». Ados al zaude? Bueno, ikuspegi hobea izaten dugu, baina ez du esan nahi abantaila dugunik. Jokoa ikustera eta aztertzera ohituta gaude, erabakiak azkar eta ondo hartu behar direlako atean zaudenean. Atezainen artean onenetakoa izan zara. Zer behar da atezain ona izateko? Hasteko, grina. Gustatu egin behar zaizu, oso lan gazi-gozoa delako, momentu onekin eta txarrekin. Egoera horiek onartzen jakin behar da, oso arduratsua izan beharra dago. Hori da oinarrizkoa, eta gero, lan egitea. Egia da berezko ezaugarriak behar direla, baina gero, landu egin behar dira. Barru-barrutik bizi behar da. Burua ondo lantzea ere garrantzitsua da. Kontzentrazioa funtsezkoa da, ezin duzu galdu partida amaitu arte. Beste ezaugarri bat da hanka onak edukitzea, koordinatua izatea, eta horretan asko laguntzen du umetatik kirola egiteak. Zenbat eta lehenago hasi kirola egiten, hobe. Euskal Herrian beti egon zarete atezain onak, eta askoren iritziz, hondartzako futbolak eragin handia izan du horretan. Hala uste al duzu zuk ere? Oso garai politak izan ziren haiek. Umetan hondartzan ibiltzen ginen, eta gozatu egiten genuen. Hondartza leku egokia da jauziak egiteko, eta laguntzen du atezainak sortzeko orduan. Baina beste kirol batzuk ere egiten genituen: pilota, batez ere. Edozein txoko baliatzen genuen jolaserako. Denbora eta leku gehiago geneukan jolasean jarduteko, eta uste dut horrek beste zerbait eman digula garai hartakoei; beste bizitasun bat. Asko esatea al da hau: Zarauzko hondartzarik ez balego, ez litzateke Iribar mitikorik egongo. Asko lagundu zidan, bai. Urrea balio du Zarauzko hondartzak, oso egokia delako futbolerako. Izango zenuen idolorik umea zinela. Jakin al daiteke nor zen? Beti esaten dut hurbilekoari begiratzeko, ez joateko urrutira. Zarauzko taldean bazen Edmundo izeneko bat, eta berari begira egoten nintzen. Benito Beitia ere gogoan daukat. Orduan ez zen telebistarik, eta ez genuen urrutikoen berri. Baina garai hauetan ere, denaren berri izan arren, komenigarria da hurbilekoari segitzea. Jokalari Athleticen hasi eta Athleticen bukatu zenuen. Beste garai batzuetako kontuak al dira? Profesional bezala gauzak aldatuta daude. Izango zenuen, baina, kanpoko taldeen eskaintzarik. Bai. Real Madril, Valentzia, Bartzelona eta Atletico Madril atzetik izan nituen, baina ez joatea erabaki nuen. Orduan jokalariei eusteko eskubidea zeukaten taldeek, eta zailagoa zen beste talde batera joatea. Oso pozik nengoen Athleticen, gustura, eta non egongo nintzen etxean baino hobeto? Athleticera etorri nintzenetik, gauzak ondo atera zitzaizkidan, eta hemen segitzea erabaki nuen. Zer iritzi daukazu gaur egungo futbolaz? Beste gauza bat da orain. Gure garaikoa puristagoa zen, kiroltasunak indar handiagoa zeukan. Orain dirua dago jokoan, ikuskizuna da nagusi, eta orduan ez zen horrela. Guk afizioa gehiago genuen. Azkarregi hasten dira orain gazteak dirua irabazi nahian gauza handirik egin gabe, eta horrek gauzak asko nahasten ditu. Jokoari dagokionez, zaildu egin da, aurkariak nola jokatzen duen asko begiratzen delako orain. Zailtasunak handitu egin ditu horrek. Talde perfektuak sortu nahi dira, eta ezinezkoa da hori. Denak balira talde perfektuak, ez litzateke golik egongo. Gizakiak gara futbolariak, hori ezin da ahaztu. Lehengoek askatasun handiagoa geneukan zelaian gauzak egiteko. Entrenatzaileen erruz al da hori? Horretara joan da futbola, eta emaitzen beharrak eraginda izan da. Horrela da, eta ezin da ezer egin horren aurka. Oraingo futbolariek oztopo handiak dituzte, eta fenomenoak izan behar dute. Hor dago Lionel Messi. Itzuliko al da futbola purutasun horretara? Ez, ez. Atzera bueltarik ez duen bidean sartuta dago. Zer lan egiten dituzu orain Athleticen? Erakundearen harremanetan sartuta nago. Lehen taldearekin joaten naiz partida guztietara, eta denekin nago harremanetan, barruko jendearekin eta kanpokoarekin. Haien zalantzak argitzen saiatzen naiz. Zaleen taldeei laguntzeko ere banago, haien galderak eta erantzuteko. Gero, astean zehar ekitaldi askotan hartzen du parte Athleticek, eta kluba ordezkatzera joaten naiz. Ematen al dizkiezu aholkuak lehen taldeko entrenatzaile Joaquin Caparrosi eta jokalariei? Bueno, eskatzen badizkidate laguntzeko prest egoten naiz. Badakite non nagoen. Ni neu ez naiz sartzen haien lanetan, neure borondatez. Bakoitzak bere lanak dauzka. Oso gustuko lana dut, eta ez daukat erretiroa hartzeko asmorik. Bertan segituko dut ahal dudan arte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide