Bizia, lotsagabea, apustuzalea, parranderoa, eta ezaguna, batez ere, ezaguna. «Ezagutzen ez zuenik ba al dago ba?». Esaldi horrekin hasten da Iñigo Makazaga Bartolo-ri omenaldia eginez hil ondoren ingurukoek kaleratu zuten aldizkaria. Zerrenda amaigabea osatu daiteke duela 20 urte hil zen Bartolo-ren nortasuna azaltzeko, eta hala ere, zaila gertatzen da haren izaera paperera ekartzea. Larunbat honetan omenaldia egingo diote Musika Plazan.
Bitxikeriaz jositako urteak
«Nahikoa da Zarauzko edozein tributan galdezka hastea Bartoloren andantza bat gehiago ezagutzeko», dio omenaldi gisako aldizkariak. Argazki ugari, hamaika pasadizo, lagunen kontakizunak, eta memoria astintzeko balio duen testu hunkigarriak daude orrialde horituetan.
Goardia Zibila inguruan zela lagunari sartu zion ziria; ikasgelan boligrafoarekin adreilua atera arte horma zulatzen jarduten zuenekoa; koadrila egunean asto karreran parte hartu eta bidean zuritoa hartzen gelditu zenekoa; surf txapelketan piraguarekin uretaratu zen eguna; HBko mitin batera EAJko pegatina handi batekin agertu zen unea… Amaierarik ez duen curriculuma zuen Bartolok: seduktorea eta zinikoa, militaten atipikoa, PP alderdiko kide batean elkarrizketan nahita pottottina hitza sartu zuen kazetaria…
Hizkuntza sormen iturri
Hizkera ere berezia zuen Bartolo-k: Txustinflauer, zelako mugiro, itxafero mekanikua, Garcia… «Euskalki propioa» zuela esan izan du askok eta ingurukoak hitz haiekin kutsatzeko gaitasuna zuela. Ingurukoei beste makina bat gauza ere kutsatu zizkiela bistakoa da. Hitzordua jarria dago.
Egitaraua
Iñigo Makazaga Bartolo-ri Musika Plazan egingo diote omenaldia larunbat honetan. Euria ari badu, gaztetxean izango da.
20:00etan. Jatekoa eta edatekoa jarriko dute ekitaldira joaten direnentzat.
Jarraian. Bartolo-ri buruzko bideo emanaldia izango da.
Azkenik. Orain dela 20 urte «bukatzen utzi ez» zieten kontzertua izango da.