Erlojupeko txirrindularitza probek hartu zuten beste behin Aizarnazabal eta bere ingurua atzo arratsaldean, besteak beste Joxe Larrarteren zein Gervaisen oroimenezko lasterketak jokatzeko. Ordea, Gipuzkoakoa ez ezik, Euskadiko txapelketak ere hartu du aurten udalerria, eta kategoria desberdinetan banatuta, guztira 50 txirrindulari lehiatu dira lasterketan; maila nagusiko emakumeetan, Maite Urteaga zumaiarrak irabazi du beste urte batez erlojupeko proba, eta gizonetan, Ander Otegi zegamarra izan da bizkorrena. Biek ala biek irabazi zituzten Gipuzkoako zein Euskadiko txapelketak.
Emakumeen 23 urtez azpiko eta elite mailetan, bost txirrindulari lehiatu ziren, eta gainontzeko guztietan bezala, minutu bateko aldearekin abiatu ziren horiek bata bestearen atzetik. Maite Urteaga zumaiarrak iazko denbora zertxobait hobetu eta 20.25.49 denborarekin osatu zuen Aizarnazabal, Muniosoro, Bedua eta Zumaia arteko 14 kilometro eta erdiko ibilbidea. Aizarnazabalen jokatzen duten Gipuzkoako hirugarren txapela lortu zuen hark atzo.
Haren atzetik, Ayala Serrano bigarren sailkatu zen Euskadikoan zein Gipuzkoakoan, kronometroa 21.11.99 denboran geratuta, eta hirugarren, berriz, Naya Mangas, 22.19.51 denbora eginda; hark ere Gipuzkoako zein Euskadiko txapelketetan erdietsi zuen hirugarren postua.
Maila horietako gizonen proba, bestalde, Gervaisen oroimenezkoa izan zen, eta kasu horretan, Aizarnazabalen hasi eta Iraeta aldera jo zuten, banan-banan, lehian ziren hemezortzi txirrindulariek, 21 kilometroko proba eginez. Ander Otegi 23 urtez azpiko txirrindularia izan zen bizkorrena 25.55.78 denborarekin, eta harekin osatu zituzten Euskadiko zein Gipuzkoako podiumak Aitor Agirre zumaiarrak (26.09.54) eta Aimar Alarciak (26.22.59). Agirre, bere aldetik, elite kategorian Gipuzkoako zein Euskadiko txapeldun izan zen.
Egokitutako txirrindularitza proban, bestalde, Imanol Arriortua izan zen bizkorrena, 14,5 kilometrotako ibilbidea 18.24.77 denboran osatuta, eta haren atzetik sailkatu ziren Ander Albizu (21.40.88) eta Xabier Aranberri zarauztarra (21.42.60). Modalitate horretan, alabaina, Aranberrik jantzi zuen Gipuzkoako txapela, eta Markel Alonsok Euskadikoa.
Juniorretan, Ugartemendia eta Zubeldia
Junior mailakoen lasterketa Joxe Larrarteren omenezkoa izan zen, eta Aiur Ugartemendia izan zen bizkorrena, 19.07.66 denbora eginda; haren atzetik sailkatu ziren, Urko Nazabal (19.16.72) eta Axular Aldazabal (19.29.09). Gipuzkoako podiuma, berriz, Ugartemendiak, Nazabalek eta Eneko Ugartemendiak (19.32.85) osatu zuten hurrenez hurren.
Junior emakumeetan, bestalde, Ane Zubeldia zarauztarrak jantzi zituen Gipuzkoako zein Euskadiko txapelak, 21.37.39 denboran helmugaratuta. Mirari Gotxi (22.32.97) eta Naxara Odriozola (23.17.80) izan ziren segidan sailkatu zirenak, eta beraz, haiek osatu zuten Euskadiko txapelketako podiuma; ordea, Gipuzkoako txapelketan, Ane Aranburuk (23.48.59) zilarrezko domina lortu zuen, eta Maddi Saizarrek, brontzezkoa (23.58.25).
Hemen ikus daiteke atzoko probetan nagusitu ziren hainbat txirrindulariren adierazpenekin zein lasterketekin osatutako bideoa: