VIII. Goilurrak rallya jokatuko dute larunbatean Azkoitia, Errezil eta Zestoa artean

Andoni Elduaien 2026ko ekainaren 10a

Goilurrak rallyko parte hartzaile bat, Azkoitiko Azkarate inguruan. (Andoni Elduaien)

Ostiralean, autoen egiaztapenak eta aurkezpen ekitaldia egingo dituzte Azkoitian. Larunbatean, berriz, lau txanda jokatuko dituzte Errezil, Zestoa eta Azkoitia artean. Bigarren eta laugarren txandak osatzean, ibilgailu guztiak Azkoitiko Oteiza frontoietan elkartuko dira.

Errebueltie Motor eta Ikullu Racing kirol klubek antolatuta, VIII. Goilurrak rallya jokatuko dute asteburuan. Ohi bezala, Azkoitia eta Lazkao (Gipuzkoa) arteko errepideen gainean arituko dira ibilgailuak lehian. Guztira, 57 pilotuk eman dute izena zapatuko hitzordurako, eta horiek guztiak Azkoitian elkartuko dira ostiralean, han egingo baitituzte rallyaren atariko autoen egiaztapenak eta irteera ekitaldia.

Eliz atariaren eta Plazaberriaren artean ibiliko dira aurtengo rallyan parte hartuko duten autoak eta pilotuak; 16:15etik aurrera izango dute autoek gune horietatik igarotzen hasteko aukera. Dena den, parte hartzaileen aurkezpen ekitaldia 19:30ean egingo dute. Plazaberrin jarriko dute aurkezpen gunea, eta ohiko bidetik, pilotuek beren asmoen berri emango dute orduan.

Lasterketa, ordea, larunbatean jokatuko dute, Lazkaon hasita. Handik abiatu beharko dute parte hartzaile guztiek lasterketa eremura. Nolanahi ere, lehenengo eta hirugarren erlojupekoak Errezilen hasiko dira: Benta Berri paretik ia Santa Engraziaraino dagoen 7,44 kilometroko bidea egin beharko dute autoek –08:40ean eta 11:45ean hasiko dira txanda horiek–. Bigarren eta laugarren erlojupekoak, berriz, Zestoako Endoia eta Azkoitiko Madariaga auzoko Otarre jatetxearen artean jokatuko dituzte. Guztira, 14,58 kilometroko bidea egin beharko dute zati horietan pilotuek –09:10ean eta 12:15ean hasiko dira txanda horiek–. Lau txanda horiek izango dira Urola Kostan jokatuko dituztenak; izan ere, ondorengo lauak Goierri eta haren mugakide diren eskualdeetan jokatuko dituzte.

Ordea, txanda horiek jokatzeaz gain, lehian ibiliko diren autoak geldirik, aparkatuta, ikusteko aukera ere izango da Azkoitian. Eguneko lehen bi txandak osatu eta gero, 09:40etik aurrera, Oteiza pilotalekuetan elkartuko dira autoak, eta ibilgailu bakoitzak 20 minutuko atsedena egingo du bertan, gutxi gorabehera. Atseden bera errepikatuko dute autoek laugarren txanda amaitutakoan, 13:20 aldetik aurrera.

Rallya 19:00 aldera amaituko da, eta 20:15erako aurreikusi dute sari banaketa ekitaldia. Lazkaoko Euskadi enparantzan sarituko dituzte aurtengo rallyan markarik onenak egindako pilotuak. Honako mapa hau osatu du antolatzaile taldeak lasterketaren txanda guztiak erakusteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide