Eskuzko ordezkaririk ez eskualdeak, Herriarteko Txapelketan

Andoni Elduaien 2026ko ekainaren 8a

Azpeitiko pilotariak, Hernaniren aurkakoan. (Nerea Uranga)

Eskuzkoan, Azkoitiak eta Azpeitiak final laurdenetan esan diote agur Herriartekoari. Gomazko paletan, Aiak eta Azkoitiak elkarren aurka jokatuko dute finalerako sailkapena. Erremintan, Azpeitiak galdu egin du finalerdietako joanekoa.

Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa aurrera doa poliki-poliki. Gero eta herri gutxiago dira txapelagatik borroka egiten ari direnak, eta Urola Kosta eskualdean ere Aia, Azkoitia eta Azpeitia dira lehiari bizirik eusten diotenak, denak ere palari lotuta.

Joan den ostiralean jokatu zituzten Azkoitiak eta Azpeitiak eskuzko txapelketaren final laurdenetako itzulerako partidak etxean, eta biek kale egin zuten. Azkoitiak 1-2 galdu zuen Oiartzun txapeldunaren aurka; gazte mailan lortu zuten puntua Azkoitikoek, Oiartzunen bezala. Azpeitiak, berriz, 1-2 irabazi zuen Hernanin, baina itzulerakoa zeharo desberdina izan zen. Nola kadeteetan, hala gazteetan, Azpeitiak 21-22 galdu zuen, eta bi kasuetan aurretik joanda, gainera. Nagusien mailako partidak berebiziko garrantzia hartu zuen, baina, azkenean, Hernanik irabazi zuen. Bai Azkoitiak, bai Azpeitiak, 2-4 galdu dute kanporaketa, eta hori hala, Hernanik eta Oiartzunek elkarrekin neurtuko dituzte indarrak finalerdietan.

Gomazko paletan, bestalde, albiste onak eman zituzten eskualdeko ordezkariek. Aiak Soraluzeri sei partidak irabazita lortu du finalerdietara sailkatzea. Azkoitiak, bestalde, Astigarraga iazko txapelduna mendean hartzea lortu du, etxean bezala, Astigarragan ere buruz buruko bi partidak irabazi baitzituzten Oteiza elkartekoek. Orain, elkarren aurka neurtu beharko dituzte indarrak Aiak eta Azkoitiak.

Azpeitia erremintan

Azpeitiko palistek, bestalde, finalerdien joaneko partidak jokatu zituzten Andoainen, eta jokatutako bi partidak galdu zituzten. Larruzko paletan, Oier Alkorta-Asier Egiguren Bikutze bikoteak 35-25 galdu zuen, eta pala motzean, Eneko Martija-Mikel Sanchez bikoteak, 40-22. Larunbatean jokatuko dituzte itzulerako partidak Betharram pilotalekuan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide