Borja Zubizarreta azkoitiarrak eta Naroa Uria azpeitiarrak irabazi dute EH Mendi Erronka (EHME) proba. Zubizarreta iritsi zen Leitzako (Nafarroa) helmugara aurrena, 67 kilometroko ibilbidea 06.31.18 denboran osatuta. Bigarren postuan, Berriozarko (Nafarroa) Imanol Kañamares sailkatu da, eta hirugarrengoan, Ansoaingo (Nafarroa) Ibai Primicia. Bi horiek elkarrekin iritsi dira helmugara, 06.39.00 denboran. Uriak, berriz, 8.05.17 denboran osatu du ibilbidea. Bigarren postuan, Altsasuko (Nafarroa) Olatz Azazeta sailkatu da, eta hirugarrengoan, Miren Bastida azpeitiarra. Azazetari 6 minutu eta 43 segundoko aldea (08.12.00) atera dio Uriak, eta Bastidari, 16 minutu eta 29 segundokoa (08.21.46).
08:00etan abiatu dira partaideak Leitzako (Nafarroa) plazatik; 450 bat lagun atera dira 67 kilometroko eta 7.200 metroko desnibel positiboa zuen ibilbidea egitera. Guztira, zazpi gailurretatik igaro behar izan dute lasterkariek, eta azkoitiarra eta azpeitiarra lasterketa buruan ibili dira une oro; Zubizarreta aurreneko hiru postuetan igaro da beti, baina azken 21 kilometroak lasterketaren buruan egin ditu. Uria ere lehen bi postuetan izan da aurreneko 56 kilometroetan, baina azkeneko 21 kilometroak, Zubizarretaren moduan, lehen postuan egin ditu.
Mendi lasterketa soila izateaz gain, EHMEk bere oinarrian beste helburu batzuk ere baditu, hala nola euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzea, Mendialdea-Aralar eskualdearen garapena bultzatzea, ingurumenaren babesean eragitea eta euskara sustatzea dira probaren helburuak.
