Hamar urte igaro dira Amaia Lasak (Getaria, 1948) bere azken liburua argitaratu zuenetik, eta ondoen dakien moduan itzuli da literaturara: poema sorta batekin. Itsasoa izan da Lur arrotzak poesia liburuaren ardatz nagusia, eta besteak beste, munduko gatazkak edota feminismoa izan dira Lasak bertan jorratu dituen gaietako batzuk.
Asteazkenean aurkeztu zuen getariarrak bere azken obra Donostiako udal liburutegian. Erein argitaletxeko Uxue Razquin editore iruindarra ere bertan izan zen, liburuaren nondik norakoak gertutik partekatzeko. Razquinek "iruditegi konstantea duen idazle" gisa definitu zuen Lasa. "Irati Jimenezi behin irakurri nion Amaia Lasa itsasotik sartu zela euskal literaturan, eta zoragarria iruditu zitzaidan irudia". Izan ere, Lasaren poemek badute iruditegi konstantea: itsaso urdina, kaioak ala haizea maiz aurki daitezke idazlearen poemetan. "Eta ez da kasualitatea Lur arrotzak liburuari hasiera ematen dion poema, adibidez, Itsasoko izakia izatea".
Euskal poesia garaikideari erreparatzean, Lasa poeta "inaugurala" izan dela azpimarratu zuen Razquinek. "1971n argitaratu zituen lehendabiziko poemak, eta ezezaguna zen poesia bat ekarri zuen berarekin. Hizkuntzaren aldetik, ura bezain gardena zen poesia batekin etorri zen, orduko euskal literaturak oso beharrezko zuena. Edertasun egarri bat zuelako, eta Lasaren poesian edertasun handi bat zegoelako".
Oraingo honetan, Lur arrotzak bildumarekin, "itsasoaren sakonetik gizartearen zaurietaraino hedatzen den ahots poetikoa" eskaini nahi izan du Lasak. Poemek, hain justu, erbestea, memoria, identitatea, mina eta itxaropena gurutzatzen dituzten paisaia fisiko eta emozionaletan barrena bidaiatzera gonbidatzen dute irakurlea. "Irudi indartsuz eta sentipen biziz" beteriko poemak jaso ditu idazleak bilduman, eta irakurleak "mundu zatitu baina zauri berberek lotua" aurkituko du liburua irakurtzen doan heinean.
"Opari bat izan da"
Lasak "aspalditik" zuen pentsatuta obraren izenburua. "Poemak biltzen hasi nintzenean, Irango gerrak edota bestelako gatazkek mundu arrotz batean nengoela sentiarazi zidaten; ezagutzen ez nuen mundu batean nengoen, eta ez nekien nora nindoan. Gaur egun bizi ditugun egoerek emandako hitzak dira lur arrotzak". Liburuaren azalari erreparatuz, itsaso urdina ikus daiteke bertan, eta ur ertzean, bi kaio ageri dira, mokotik oihal gorri bati tiraka. Oihal horrek, hain justu, 2015. urtean Turkiako hondartza batean itota azaldutako 3 urteko mutil siriarra irudikatzen du. Argazki hura mundu osoan ezaguna bihurtu zen, eta gertakari hari buruz ere poema bat ondu du idazleak.
2016. urtean kaleratu zuen Lasak bere azken obra, Barne iraultzen lora izenburupean. Hamar urte igaro dira geroztik, eta lanetik erretiroa hartu ondoren, mundua gutxiago ezagutzen duela dio. Testuinguru horretan, "opari bat" izan da harentzat poesia liburu hau argitaratzea. "Irakurleak izatea, hori beste historia bat da". Izan ere, Lasak nabarmendu duenez, hizkuntza guztietan, poesia da "gutxien" irakurtzen den literatura generoa. "Agian sinbolikoa edo oso pertsonala delako, eta nolabait, harekin bat egin behar duelako irakurleak".
Dena den, Lasaren ustetan, poesia "ozen" irakurri behar da. "Ozen irakurtzearekin batera, erritmoa ematen diozu poemari. Izan ere, poesiak erritmoa eta edertasuna behar ditu. Elementu horiek dira poemari bizitasuna ematen diotenak".