Faxismoaz hausnartzeko aukera izango da astelehenean Soreasun

Iraia Oteiza 2026ko ekainaren 2a

Dokumentalaren irudia.

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak Munstroak sortzen direnean dokumentala emango du astelehenean, Soreasu antzokian. Europako hainbat herrialdetan ultraeskuinak indarra nola hartu duen kontatzen du ikus-entzunezko lanak, baita horren kontrako borroka ere.

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak antolatuta, Munstroak sortzen direnean izeneko dokumentala eskainiko dute astelehenean, Soreasu antzokian. 21:00etan izango da saioa, doan. 

Diario Socialistak ekoitzitako dokumentalak XXI. mendeko faxismoaren azterketa bat egitea du helburu, antifaxista deitzen den oro, faxismoa zer den ulertuta, horri aurre egiteko tresnez hornitzeko. Izan ere, Kontsilu Sozialistaren esanetan, faxismoa ez da XX. mendeko fenomeno bat izatera mugatzen; kontrara, gero eta arrisku errealagoa da. "Herrian bertan jasan behar izan dugu VOX bezalako alderdi eskuindarraren presentzia, eta ikusi dugu alderdi horiei aurre egiteak zer-nolako arriskuak dauzkan. Horregatik, garrantzitsua da faxismoaren gorakadaren arrazoiak ulertzea. Eginbehar horretan ekarpena egin nahi du Munstroak sortzen direnean dokumentalak". Zehazki, bi galdera nagusi erantzuten saiatzen da: zer interes daude mugimendu faxista berriaren atzean? Eta nola egin diezaiokegu aurre?

Kontseilu sozialistak azaldu duenez, dokumentalaren premisa nagusia da faxismoa fenomeno konplexu bat dela, ez dena instituzioetara mugatzen, hala nola egileek fenomeno faxista bere hiru adierazpen orokorretan aztertzen dute, bakoitzaren ezaugarritze bat egiteko eta elkarren arteko erlazioak zehazteko. "Hasteko, alderdi instituzionalak daude (Vox edo Le Penen Rassemblement national alderdia kasu); bigarrenik, kalean etorkinen, LGTBIQ+ kolektikoko kideen zein etsai politikoen aurka biolentzia zuzena aplikatzen duten talde eskuadristak (Desokupa, Nucleo Nacional eta abar); azkenik ,faxisten gorroto diskurtsoarekin bat egin eta hura zilegiztatzen duen oinarri sozial erreakzionarioa dago (sare sozialetako influencerrak, adibidez). Dokumentalean faxismoaren aurkako borrokarekin erlazioa duten figuretako batzuen elkarrizketak jasotzen dituzte: Europa mailako militante antifaxistak (Madrilgoak, Milangoak, Pariskoak...), kazetariak zein faxismoa ikergai duten ikertzaile internazionalak (Miquel Ramos ala Mark Bray), esaterako".

Bestalde, nahiz eta mugimendu faxistan zentratu, dokumentalaren helburua horren argazki isolatu bat eman beharrean, fenomeno horrek kapitalismoarekin, krisiarekin eta panorama politiko orokorrarekin duen harremana azaltzea dela argitu du Kontsilu Sozialistak. "Hau da, faxismoak oligarkiaren ofentsiba autoritarioa eta ideologia erreakzionarioa zabaltzeko betetzen duen funtzioan ere jarri da arreta. Faxismoa gero eta indar handiagoa hartzen ari den garaiotan, garrantzitsua iruditzen zaigu formakuntzarako eta eztabaidarako horrelako espazioak sortzea eta herritar oro gonbidatzen dugu egitarauan parte hartzera".   

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide