Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta Naturklimak sustatutako BateraLabs ekimenaren saioa egin zuten atzo arratsaldean UKUEk Zarautzen duen egoitzan. Bertan, eskualdeko instituzioetako kideek, zein gizarte eta ekonomia arloetako eragileek hartu zuten parte. Guztira, 30 bat lagun bertaratu zirela azpimarratu dute programaren sustatzaileek.
Klima aldaketaren aurrean tokiko erantzunak bultzatzeko helburuarekin deitu zuten atzoko saioa. Hartan, Jose Ignacio Asensio diputatuak zein UKUEko presidente Ion Arozenak nabarmendu zuten "klima-aldaketaren ondorioei erantzun eraginkorrak emateko erakundeen, elkarteen eta herritarren arteko lankidetza indartzearen garrantzia".
Jardunaldian, Urola Kostako klima diagnostiko espezifikoa aurkeztu zuten. Azpimarratu zuten Urola Kosta "bereziki baldintzatuta" dagoela "kostaldean duen esposizioagatik eta espazio natural jakin batzuen sentikortasunagatik". Horien artean kokatu zituzten Pagoetako eta Izarraitzeko Kontserbazio Bereziko Eremuak, "klima aldaketaren ondorioen aurrean kalteberatasun maila handiak identifikatzen baitira".
Bestetik, saioan aurkeztutako azterketak eskualdeko itsasertzeko esposizio handian ere arreta jartzen duela gogoratu zuten, "bereziki Zarautzen eta Zumaian, itsas uholdeei eta hondartzen atzerakadari lotutako arriskuak baitaude, itsas mailaren igoeraren ondorioz".