Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa badoa aurrera, eta Urola Kostan, Aiak, Azkoitiak eta Azpeitiak jarraitzen dute bizirik. Aia gomazko paletan ari da lehiatzen; Azkoitia, gomazko paletan eta eskuz; eta Azpeitia, erremintan eta eskuz. Horietatik guztietatik, erremintako txapelketa doa aurreratuena, dagoeneko final laurdenak jokatuta, eta Azpeitiak dagoeneko eskuan du du final erdiak jokatzeko txartela. Gomazko paletan eta eskuz, berriz, datorren asteburuan jokatuko dituzte final laurdenetako itzulerako partidak, eta orduan erabakiko da nork egingo duen aurrera eta nork ez.
Hain zuzen ere, Azpeitiak asteburu honetan gainditu ditu erremintako final laurdenak. Ilunpeko palistek ostegun arratsaldean jokatu zituzten itzulerako bi partidak etxean, Betharrametako pilotalekuan, Donostiaren kontra. Larruzko paletan, Alkortak eta Garaizarrek tanto bakarragatik galdu zuten Donostiako bikotearen aurkako norgehiagoka; 35-34 egin zuten. Pala motzean, ostera, Martijak eta Sanchezek 21-40 hartu zituzten mendean aurkariak. Itzulerako jardunaldian bana egin arren, joanekoan lortutako bi garaipenak alde zituen Azpeitiak. Horrela, guztira 3-1 eginda, final erdietara sartzea lortu du.
Eskuz, berriz, Ilunpeko pilotariek larunbat arratsaldean jokatu zituzten final laurdenetako joaneko jardunaldiari zegozkion hiru partidak Hernaniren kontra, hango pilotalekuan. Kadeteen mailako partidak ihes egin zien, baina gazteen eta nagusien mailako partidak irabazi egin zituzten. Kadeteen mailako neurketa 22-19 galdu zuten Ansolak eta Beristainek, gazteen mailakoa 14-22 irabazi zuten Arsuagak eta Artetxek, eta nagusien mailakoa 12-22 irabazi zuten Egigurenek eta Larrañagak. Datorren asteburuan etxean jokatuko duten jardunaldian erabakiko da nor igaroko den final erdietara.
Azkoitiko palistak hobeto, pilotariak baino
Azkoitiko palistek eta pilotariek ostiralean jokatu zituzten final laurdenetako joaneko partidak. Aurkari gogorrak espero zituzten batzuek zein besteek, bi kasuetan iazko txapeldunak hain zuzen. Palistek Astigarraga hartu zuten etxean, Gurea pilotalekuan, eta Oteiza kirol elkartekoek 2-1 irabazi zuten. Eskuzko pilotariak, ostera, Oiartzunen kontra lehiatu ziren Madalensoro frontoian, eta 2-1 galduta bueltatu ziren etxera.
Gomazko paletan, buruz buruko bi partidak irabazi zituzten Azkoitikoek. Kantxa osoan, Iker Epeldek 20-5 menderatu zuen Astigarragako aurkaria; eta zazpi koadroren barruan 20-6 gailendu zen Jokin Aizpuru. Aldiz, binakako partida 6-20 galdu zuten Azkoitiko palistek.
Eskuz, gazteen mailako partida bakarrik izan zen Oteiza elkarteko pilotarientzat. Hori bai, maila horretan Jon Arregi eta Julen Etxaniz erabateko nagusitasunez aritu ziren kantxan, eta 6-22 irabazi zuten norgehiagoka. Kadeteen mailan, aldiz, Joanes Juaristik eta Denis Santosek ezin izan zuten Oiartzun mendean hartu, eta harentzat izan zen partida, 22-15 eginda. Azkenik, nagusien mailan, 22-7 galdu zuten Mikel Aranbarrik eta Alex Juaristik.
Gomazko paletan zein eskuz, datorren asteburuan jokatuko dituzte final laurdenetako itzulerako partidak; palistek Astigarragan eta pilotariek etxean.
Aiako palistak, indartsu
Aiako palistek atzo goizean jokatu zituzten gomazko paletako final laurdenetako joaneko partidak Soraluzen, eta hiru norgehiagokak irabazita, esan liteke final erdietara sartzea ahalbidetuko dien kanporaketa bideratu samar utzi dutela. Buruz buruz kantxa osoan jokatutako partidan, 8-20 gailendu zen Aldalur; binakako partida 19-20 irabazi zuten Aranberrik eta Lertxundik; eta banaka zazpi koadroren barruan jokatutakoan sei tantoko aldea atera zion Lizasok aurkariari, 14-20 eginda. Final laurdenetako itzulerako partidak etxean jokatuko dituzte datorren asteburuan.