Erik Balentziagak Europako Liga irabazi du, eta Maria Zalduak Espainiakoa

Ekaitz Etxabe 2026ko ekainaren 1a

MT Melsungen taldea Europako Ligako garaipena ospatzen. (MT Melsungen)

Erik Balentziagaren MT Melsungen eskubaloi talde alemaniarrak 23-24 menderatu du THW Kiel, Hanburgon. Garaipen horrekin, bere lehen titulua irabazi du erdiko zarauztarrak. Maria Zaldua oriotarrak, berriz, Rocasa Gran Canaria taldearekin eskuratu du titulua, Bera Berari bi partidak irabazita. 

Historia egin du Erik Balentziagaren MT Melsungen talde alemaniarrak. Bere historiako lehen titulua irabazi du asteburuan, Hanburgon. Europako Liga irabazi dute, THW Kiel, Montpellier eta SG Flensburg taldeak mendean hartuz.

Larunbatean jokatu zuten finalerdietako partida, SG Flensburgen aurka. Partida biribil baten ostean, Balentziagaren taldeak lortu zuen finalerako txartela, 37-30eko emaitzarekin, eta zarauztarrak bi gol sartu zituen. Beste finalerdian THW Kiel nagusitu zitzaion Montpellier talde frantziarrari (28-29).

Gauzak horrela, atzo jokatu zuten finala bi talde irabazleek. 12.000 ikuslek bete zituzten Barclays Arenako harmailak. 60 minutuen ostean, MT Melsungenek irabazi zuen partida, 23-24koarekin. Partida gogorra eta parekatua izan zen. Atsedenaldira gol bateko errentarekin iritsi zen MT Melsungen (12-13), eta bigarren zatian alde horri eustea lortu zuen.  Balentziagak gol bat sartu zuen finalean.

Maria Zaldua, Espainiako txapeldun

Maria Zaldua oriotarra, berriz, eskubaloiko ligako txapeldun da, atzo bigarrenez Bera Bera menpean hartu baitzuen Rocasa Gran Canaria taldeak 26-23 emaitzarekin. Asteazkenean jokatu zuten aurreneko partida, eta hura ere kanariarrek irabazi zuten, 19-23. 

Zalduaren taldeak bigarrenez irabazi du liga; orain zazpi urte lortu zuten aurrenekoa. 

Rocasa Gran Canaria taldeko jokalariak, pozarren, atzo etxean ligako titulua eskuratu berritan. (Rocasa)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide