Manex Ansorregi saskibaloi jokalari azkoitiarrak ez du jarraituko Inveready Gipuzkoa Basket taldean. Gaur, ostirala, prentsaurrekoa eman du hark Jose Luis Zubizarreta Xubi taldeko kirol zuzendari azpeitiarrarekin batera, eta han jakinarazi du hark taldea utziko duela. Gainera, agerraldi horretan bertan adierazi dute azkoitiarrak ACBn, Espainiako saskibaloiaren mailarik gorenean, jokatuko duela datorren sasoian.
Oraingoz ez dute argitu Ansorregi zein taldetan arituko den, baina zenbait hedabidek Bilbao Basket taldearekin lotu dute hura azken egunotan. Xubik azpimarratu du gaur-gaurkoz Ansorregik ez duela ez inolako mediku azterketarik egin beste talde batekin, ez ezer sinatu. "Maila gorenean aritzeko aukerak ditu, baina oraingoz ez dago ezer argi", esan du hark. Era berean, Xubik berak ere azken prentsaurrekoa eskaini du gaur; izan ere, azpeitiarrak kirol zuzendariaren kargua utziko duela adierazi du. Aurrerantzean, kirol batzordeko aholkularia izango da azpeitiarra.
Goi mailan arituko dela baieztatu du Ansorregik ere, eta azkoitiarra prest agertu da erronkari heltzeko. "Jokalari bati gerta dakiokeen gauzarik onena da mailarik gorenean aritzea. Saskibaloian txiripaz eman nuen izena, eta orain goi mailan jokatzeko aukera izango dudala jakitea pozgarria bezain garrantzitsua da niretzat; amets bat betetzea da". Horrekin batera, azkoitiarrak azpimarratu du "maila handiko profesionalekin" lan egiteko zortea izan duela. "Lan asko egin dut azken urteetan, eta orain sortuko zaidan aukera honi gogotsu helduko diot. Aukera aprobetxatzea nahi dut, eta dudan guztia emango dut. Gogotsu eta ilusioz beteta nago".
Gipuzkoa Basketen zuzendaritzan lan egiten dutenei eskerrak eman dizkie Ansorregik, baita hura Donostian aritu den denboraldietan taldekide nahiz entrenatzaile izan dituen kideei ere. "Hiru urte oso on igaro ditut Donostian, etxean bezala sentitu naiz hemen. Pertsona eta jokalari bezala hazten eta hobetzen lagundu didazue. Espero dut guztia ondo joango dela Donostian. Gertutik jarraituko dut taldea, bihotzean eramango dut", esan du hark. Bide batez, Iraurgi saskibaloiari zuzendutako esker hitzak ere izan ditu jokalariak, ISBren eskutik egin baitzuen azkoitiarrak debuta Lehen FEB Mailan.
Xubik ere agur
Jose Luis Zubizarreta Xubi-k Inveready Gipuzkoa Basket taldeko kirol zuzendari postua utzi du. Erretiroa hartuko duela iragarri du hark gaur, ostirala, hedabideen aurrean denboraldiaren balorazioa egiteko eskaini duen prentsaurrekoan. "Erretiroa hartzea dagokit, ez da beste ezergatik", esan du Xubik.
2023ko udan batu zen azpeitiarra Gipuzkoa Basketen proiektura, Azkoiti-Azpeitiko ISB taldeko ardurak utzita; hiru denboraldi osatu ditu hark han. Gainera, Gipuzkoa Basketek eta Askatuak saskibaloi klubek egindako hitzarmenaren eraginez, datorren denboraldian Askatuak Gipuzkoa izena hartuko du Donostiako klubak, eta Xubik azaldu du horrek "birmoldaketa bat" eragingo duela klubaren zenbait egituratan.
Egun, kirol arloaz arduratzen den kirol batzorde bat du klubak, eta aurrerantzean, batzorde horretako aholkularia izango da Xubi. "Langile taldeari eta entrenatzaileei aholkuak emango dizkiet taldea eraikitzeko orduan, eta, era berean, klubaren zuzendaritzaren eta kirol arloaren arteko komunikazioaz arduratuko naiz, bitartekaria izango naiz", esan du prentsaurrekoan.

Xubi, Ilunben. (Berria)