Gipuzkoako Herriarteko Txapelketak aurrera jarraitzen du, eta eskualdeko zenbait herrik bidean aurrera jarraitzea lortu dute, baina beste batzuk kaleratuak izan dira. Zestoa eta Aia txapelketatik kanpo geratu dira eskuzko modalitatean, eta Zumaiak eta Zarautzek ere ezin izan dute aurrera egin gomazko paletan. Aldiz, Azkoitiak eta Azpeitiak aurrera egin dute Herriartekoan, bai eskuz, eta baita gomazko paletan nahiz erremintan ere.
Eskuz, final zortzirenetako itzulerako partidak jokatu zituzten eskualdeko lau ordezkariek. Aiak ezin izan zion Oiartzun iazko txapeldunari irabazi. Kadeteen lehia estu joan zen, eta Atorrasagastik eta Illarramendik osatutako bikoteak 18-22 irabazi zieten oiartzuarrei. Jubeniletan eta nagusietan, baina, bestelakoa izan zen kontua: Aizpuruk eta Iruretagoienak 22-9 galdu zuten partida, eta nagusietan ere, 22-8 galdu zuten norgehiagoka Albenizek eta Orbegozok.
Joaneko partidetan Oiartzuni 2-1 irabazi zion Aiak, baina itzulerakoan Oiartzunek emaitza bera lortu duenez, tanto kopurua hartu dute kontuan, eta Oiartzunek egin du aurrera. 36 tanto gehiago egin ditu Oiartzunek; ondorioz, Aia Herriarteko Txapelketatik at geratu da.
Azkoitiko eskuzko ordezkariek, berriz, joanekoan bezalaxe, 2-1 garaitu zuten Zegamako taldea hango frontoian. Kadeteen mailan, Joanes Juaristik eta Denis Santosek ezin izan zuten Zegama mendean hartu, eta hark 22-6 irabazi zuen aurreneko partida. Ordea, oso bestelako norgehiagokak jokatu zituzten gazteen zein nagusien mailetan: gazteetan, Julen Etxanizek eta Jon Arregik 7-22 irabazi zuten, eta nagusietan, Azkoitikoak aise nagusitu ziren kantxan, Mikel Aranbarrik eta Alex Juaristik 2-22 irabazi baitzuten partida.
Horrenbestez, Oteizako pilotariek final laurdenetara sailkatzea lortu dute. Asteburuan, arerio gogorra izango dute zain; Oiartzunen aurka neurtu beharko dituzte indarrak hango frontoian.
Aldiz, Azpeitiak, nagusitasunez gainditu ditu Amezketaren aurkako joaneko eta itzulerako partidak. Joanekoan 1-2 irabazi zuen Azpeitiak, eta ostiralean Izarraitz pilotalekuan jokatutako itzulerakoan hirutik hiru irabazita final laurdenetarako pausoa eman dute Ilunpekoek. Kadeteetan, Ansolak eta Beristainek 22-2 irabazi zuten; Jubeniletan, Azpeitiko Artetxek eta Iturraldek 22-10 irabazi zuten, eta nagusietan ere Azpeitikoak izan ziren garaile, Egigurenek eta Larrañagak 22-9 irabazita. Eskuz final laurdenetako aurkaria Hernani izango dute.
Zestoak ere ostiralean jokatu zituen Herriartekoaren final zortzirenetako itzulerako partidak, etxean, eta hiru neurketak galduta, txapelketatik kanpo geratu da. Aduna aurretik zen kanporaketan, joaneko jardunaldian hiru neurketetatik bi irabazi baitzituen. Itzulerako partidetan ere adunarrek beren nagusitasuna berretsi zuten. Kadete mailan, Urrestillak eta Clavijok 7-22 galdu zuten. Jubeniletan ere adunarrak nagusitu ziren, Zubeltzu eta Zabala 6-22 mendean hartuta. Nagusien mailako partida, berriz, parekatuagoa izan zen, baina Sasiainek eta Odriozolak ezin izan zuten lehia irabazi, eta azkenean 19-22 galdu zuten.
Herriartekoan ibilbide laburra izan dute aurten zestoarrek, bai eskuz eta baita pala modalitatean ere; izan ere, bietan lehen kanporaketan agur esan diote txapelketari.
Gomazko paletan, itzulerakoak
Gomazko paletako lehian ere final zortzirenetako itzulerako partidak jokatu dituzte asteburuan. Azkoitia eta Zarautz elkarren aurka lehiatu dira, eta Azkoitiaren aldekoak izan dira emaitzak: joaneko jardunaldian bezalaxe, 2 eta 1 gailendu zen Azkoitia, ostiralean, etxean. Lehen partidan, kantxa osoan, 20-9 irabazi zuen Azkoitiko Epeldek Zarauzko Etxaberen aurka. Bigarren partida, binakakoa, Azkoitiko Azpirozek eta Larrañagak jokatu zuten Zarauzko Landaren eta Urangaren aurka, eta 15-20 irabazi zuen Zarauzko bikoteak. Azkenik, zazpi koadroren barruan lehiatu ziren Azkoitiko Aizpuru eta Zarauzko Segurola, eta Aizpuruk irabazi zuen partida, 20-6 emaitzarekin.
Ondorioz, Herriartekotik kanpo gelditu da Zarautz. Azkoitiko gomazko palistek, aldiz, oraindik lehian sartu ez den Aia izango dute zain.
Zumaiak, bestalde, Soraluzen 3-0 galdu zuen joanekoan, eta emaitza bera lortu du Aitzurin jokatutako itzulerako jardunaldian ere. Garikanok kantxa osoan buruz buru 4-20 galdu zuen; Beristainek eta Beristainek 7-20 galdu zuten binakakoa, eta Martinek zazpi koadro barruko buruz burukoan 2-20 galdu zuen.
Erremintan, final laurdenak
Erremintan final laurdenak jokatzen ari da Azpeitia. Ostiralean joanekoa jokatu zuten Donostiaren kontra, eta 0-2 irabazita etxeratu ziren Azpeitiko palistak. Oier Alkortak eta Telmo Garaizarrek paletan 35-14 irabazi zieten Donostiakoei, eta pala motzean Eneko Martijak eta Mikel Santxezek 40-27.