Elkarretaratzeak egin dituzte eskualdean, Arguedasko hilketa matxista salatzeko

Iraia Oteiza 2026ko maiatzaren 20a

Arguedasen gizon batek bere emaztea hil du, eta hilketa hori gaitzesteko plazara atera ziren atzo Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan. Indarkeria matxista orori aurre egiteko neurriak eta borroka indartu behar direla aldarrikatu zuten hiru herrietan. Zumaian eta Zarautzen ere elkarretaratzeak deitu dituzte gaurko eta biharko. 

43 urteko gizon batek 44 urteko emaztea hil zuen asteburuan Arguedasen (Nafarroa). Emakumearen gorpua astelehenean topatu zuten bere senitartekoek, eta guardia zibilek haren senarra atxilotu zuten astelehenean bertan, emakumea hiltzea leporatuta. Hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte eskualdeko hainbat herritan. 

Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan atzo, asteartez, egin zituzten kontzentrazioak, bakoitza bere herriko plazan. Hiru herrietan Urola Erdiko Itaiak deitu zituen kontzentrazioak; Azpeitian, baina, Itaiaz gain, Feministen Sareak deituta ere hainbat herritar elkarretaratu ziren plazan.

Urola Erdiko Itaiak deitutako elkarretaratzeetan adierazi zutenez, aurten dagoeneko bost emakume dira Euskal Herrian eraildakoak. "Emakumeon errealitate gordinak dira erasoak, irainak, jazarpenak, kontrolak eta kasurik larrienean erailketa matxistak", adierazi zuen emakumeen antolakunde sozialistak.

Arguedasko hilketa matxista gaitzesteaz gainera, Maialen Mazonen hiltzailearen kontrako epaiketan, hiltzaileari "genero indakeriaren larrigarria" kendu diotela salatu zuen, baita Mazoni "Ertzaintzak babes neurriak kendu izana ere".

Itaiaren ustez ere "ezinbestekoa" da indarkeria matxistaren aurkako borroka indartzea. "Unea da matxismoa asmakizun ideologikoa dela dioenari erantzuteko. Momentua da gure inguruan gertatzen diren erasoetan aurpegia emateko eta erasotzaileari aurre egiteko, momentua da matxismoaren aurka kaleak hartzeko", adierazi zuen.

Halaber, Itaiak jarrera eta ideia matxisten aurka borrokan segituko duela aldarrikatu zuen, indarkeria jasan duen emakumea defendatzeko eta babesteko baldintzak bermatuz eta eraso matxista ororen aurrean "irmotasunez eta eraginkortasunez" erantzunez.

Azpeitiko Feministen Sareak, bere aldetik, salatu zuen indarkeria matxistaren datuek "errealitate gordin eta jasanezina" erakusten dutela, eta indarkeria horrek etenik ez izatea ezin dela onartu. Indarkeria matxistari aurre egiteko "urgentziazko neurri errealak" hartu beharra aldarrikatu zuen, eta horretarako erakundeei eta instituzioei "irmotasun handiagoa" exijitu zioten. "Ez dugu adierazpen hutsik nahi; baliabide ekonomiko, politiko eta sozial integralak behar dira  prebentzioan, babesean eta hezkuntzan inbertitzeko", adierazi zuten. Jendarte osoari, berriz, dei egiten zioten "konplizitate oro apurtzera eta erantzukizuna hartzera", indarkeria matxistaren aurkako borroka gizarte osoaren "premiazko ardura" delako.

Arguedasko hilketa matxista gaitzesteaz gainera, elkartasuna eta babesa helarazi zien Feministen Sareak hildako emakumearen senide, lagun eta hurbilekoei.

Elkarretaratze gehiago

Zumaian eta Zarautzen ere elkarretaratzeak deitu dituzte gaurko eta biharko. Zumaian, Mugimendu Feministak deituta gaur arratsaldean elkarretaratuko dira. Saregile plazan egingo dute protesta bilkura, 19:30ean. Udalak mobilizazioarekin bat egin du, eta han parte hartzeko deia egin die herritarrei. 

Aldiz, Zarautzen, bihar elkartuko dira Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta. 19:00etan izango da elkarretaratzea, Lege Zaharren Enparantzan. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide