Urola Erdia Ispiluaren Aurrean egitasmoaren barruko saio bana izango dira datorren astean Zestoan eta Errezilen.
Krisi klimatikoa eta energetikoa, mundua aldatzen ari da. Zestoan zer? izenburru hartuta egingo dute Zestoako saioa, maiatzaren 27an (asteazkena), 18:00etan, Alondero aretoan. Solasaldi horretan hizlari ariko dira Arturo Elosegi EHUko Ekologiako katedraduna eta Aitziber Agirre Elhuyarreko kidea. Elosegik Klima aldaketa. Zer datorkigu? Zer egin dezakegu? hitzaldia eskainiko du, eta Agirrek Zestoako nahiz eskualdeko datuak azalduko ditu. Ondoren, hitzordura bildutakoen artean eztabaida saioa irekiko da.
Errezilen herritarrekin saioa maiatzaren 28an (osteguna) egingo dute, 18:30ean, Borondegiko aretoan. Kasu honetan, Ane Zabaleta EHUko hidrogeologoak Klima aldaketa gai hartuta sarrera hitzaldia eskainiko du, eta segidan, Elhuyarreko kide batek Errezilgo eta eskualdeko datuak azalduko ditu. Ondoren, herritarrek hitza hartzeko aukera izango dute, eta dituzten lehentasunak azaldu ahalko dituzte. Bukaeran, mokadutxoa izango da saiora joandakoentzako.