Atzo, astelehena, emakume bat hilda aurkitu zuten bere senitartekoek Arguedasen (Nafarroa), eta guardia zibilek emakumearen senarra atxilotu zuten atzo bertan, andrea hiltzea leporatuta. Biktimak 44 urte zituen, eta atxilotutako gizonak 43 urte ditu. Hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte gaurko eta biharko eskualdeko hainbat herritan.
Azpeitian, Feministen Sareak eta Urola Erdiko Itaiak deitu dute mobilizatzera, biek ere gaur arratsalderako. Bi kontzentrazioak plazan izango dira: 18:30ean, Eraso matxistarik ez! Aski da! lelopean, Feministen Sarearena; eta 19:00etan, Indarkeria matxistari aurre egin! lelopean, Itaiarena. Azpeitiko Udalak bat egin du Feministen Sareak arratsalderako deitutako elkarretaratzearekin, eta erakundeak elkartasuna adierazi die hildakoen senideei eta gertukoei.
Azkoitian eta Zestoan ere gaur arratsalderako deitu ditu elkarretaratzeak Itaiak. Bietan, 19:00etan herriko plazan jarri ditu hitzorduak. Antolakunde sozialistak "babesa eta elkartasuna" adierazi dizkie Arguedasen hildako emakumearen ingurukoei, aski dela esatearekin batera, eta indarkeria matxistarekin bukatzeko borroka eta antolakuntza indartu beharra aldarrikatu ditu.
Zumaian, berriz, Mugimendu Feministak biharko deitu du elkarretaratzera. Saregile plazan egingo dute protesta bilkura, 19:30ean. Udalak mobilizazioarekin bat egin du, eta han parte hartzeko deia egin die herritarrei.