Eneko Gaztañaga eta Jesus Magnevy boxeolariak, Euskadiko txapeldun

Juan Luis Romatet-Onintza Lete Arrieta 2026ko maiatzaren 18a

Erdian, Ibai Marin entrenatzailea eta Eneko Gaztañaga boxeolaria, Euskadiko titulua irabazi berritan. (Utzitakoa)

Amateurren lehia Legution (Araba) jokatu zen larunbatean, eta lan ona egin zuten Orioko River Box & Roll klubeko eta Zumaia Cuban Boxing klubeko ordezkariek. 

Amateurren Euskadiko Boxeo Txapelketa jokatu zen larunbatean Legution (Araba), eta eskualdera bi garaipen ekarri dituzte handik: batetik, Orioko River Box & Roll klubeko Eneko Gaztañaga 80 kiloko kategorian gailendu zen, eta bestetik, 60 kilokoan, Zumaia Cuban Boxing klubeko Jesus Magnevy. 

Hiru minutuko hiru asalto egin zituzten, eta aurreneko bietan Gaztañagak konbatea "oso ondo defendatu" zuela kontatu dute Orioko boxeo klubeko arduradunek. Hirugarrenean gehiago kostatu zitzaion oriotarrari "aurreneko bietan asko-asko eman zuelako".

Jesus Magnevy eta Zumaiako klubeko arduradunak, txapelketa irabazi berritan. (Zumaia Cuban Boxing)

Ibai Marin entrenatzaileak nabarmendu du distantzia motzean sartzea gustatzen zaiola Gaztañagari, eta "beti aurrera" egiten duela, "horrek dakartzan arriskuekin". Dena den, hirugarren asaltoan ere konbatearen kontrola berreskuratzea lortu zuen oriotarrak, garaipena eskuratuz. Marinentzat "txalogarria" izan da bere entrenamendu eta preparazio guztia.

Zumaiako klubeko Ruben Arredondok ere beren boxeolariak egindako lana goraipatu du: "Lan handia egin dugu alde teknikoan eta taktikoan, eta haiei esker lortu dugu garaipena", azaldu du.

Orain, Espainiako lehia buruan

Orioko klubekoek azpimarratu dute "oso pozik eta oso harro" daudela aurreneko aldiz klubean Euskadiko txapeldun bat dutelako, eta larunbatean "klubeko kide guztiengandik jasotako berotasuna" ere biziki eskertu dute. 

Larunbateko garaipenak Espainiako Txapelketarako txartela eman die bi boxeolariei. Ekain amaieran eta uztail hasieran jokatuko dute Badajozen (Espainia), eta bi klubek jakinarazi dute harako prestaketei ekingo dietela orain.

Boxeo gaua Zumaian

Bestalde, ekainaren 13an boxeo gaua egingo da Zumaian, Aitzuri frontoian, eta bertan klubeko bost boxeolari igoko dira ringera, horien artean bi zumaiar: Iñaki Lope, 70 kilokoan, eta Iker Fernandez, juniorretan, 59 kilokoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide