Museoen Nazioarteko Eguna izango da maiatzaren 18an Museoak mundu zatitu bat elkartzen lelo hartuta. Egun hori ospatuko dute Urola Kostako hainbat museok egunaren bezperan, maiatzaren 17an: Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoak, Zestoako Ekainberrik eta Zarauzko Photomuseumek.
Burdinbidearen Euskal Museoan igandean tren historikoak izango dira eguneko protagonista nagusiak; izan ere, 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan, tren historikoetan bidaia bereziak egingo dituzte Azpeitiko museoaren eta Lasaoko geltokiaren artean. Gainera, Graftonek Babcock & Wilcox enpresarentzat 1920an egindako lurrun garabia ere martxan jarriko dute Azpeitiko museoan. Bestalde, Museoaren Egunari lotuta, erakusketa berri bat ere jarriko dute; Espinal lurrun tren makina egongo da ikusgai, Robert Stephenson ingeniariak 1887an eraikitakoa. Gainera, Burdinbidearen Euskal Museotik gogorarazi dute, halaber, larunbatean, hilaren 16an, lurrun trenaren ohiko irteerak egingo dituztela, 12:00etan eta 17:30ean.
Ekainberrik ere bat egingo du Museoen Egunarekin. Igandean, maiatzaren 17an, museora bisitan doazenek sarrerak online erosterakoen MuseoenEguna kodea erabilita deskontua izango dute. Doako bisitak ere egingo dituzte egun horretan Zestoako museoan. Historiaurreko esperientzia konpletoa doan eskainiko dute 15:00etan, euskaraz, eta 16:00etan, gazteleraz. Bi orduko saioan, bisitariek Ekainberriko erreplikara bisita gidatua egingo dute, eta gainera, historiaurreko biziraute teknikak ikasteko aukera izango dute, hala nola sua egiten, ehizatzen eta margotzen. Sarrerak Ekainberri.eus webgunearen bidez eskuratu daitezke.
Zarauzko Photomuseumerako sarrera doan izango da igandean, maiatzaren 17an. Gainera, bi bisita gidatu doan eskainiko dituzte: 11:30ean euskaraz eta 18:00etan gazteleraz. Bisita gidatuetarako izena 943-13 09 06 telefono zenbakira deituta eman behar da.