LGTBI kolektiboarekiko izua desagerrarazteko bidean

Ihintza Elustondo 2026ko maiatzaren 13a

Paka Fest jaialdia egin zuten larunbatean Orion. (Guka)

LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da igandea, eta kolektibo hori saretzeko zenbait ekintza egingo dituzte Azkoitian, Azpeitian, Zarautzen eta Zumaian.

LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna izango da maiatzaren 17a, sexu eta genero aniztasuna aldarrikatzeko eguna, eta data horren ingurumarian, LGTBI mugimendua saretzeko eta izu kolektiboari aurre egiteko, ekintzak antolatu dituzte eskualdeko zenbait herritan. 

Orio

Orion, astebete lehenago elkartu dira; larunbatean egin zuten Paka Fest jaialdia. Festa LGTBI mugimendua saretzeko tresna eraginkorra dela sinetsita, Orioko Pakak taldeak antolatuta, kuir bizitzak gozagarri direla aldarrikatu zuten. Elektropottotte elektrotxarangaren emanaldia izan zuten arratsaldean, eta herriko kaleak musikaz burrunbatu ostean, afaria egin zuten Etxeluzen; atzetik, bost artistaren emanadiek osatu zuten gaueko kultur eskaintza kuirra.

Azkoitia

Azkoitian, udaleko Berdintasun arloak sustatuta, lesbianek, gayek, transexualek, bisexualek, intersexualek eta gainerako sexualitate ez-normatiboek herrian bizi dituzten errealitateak ezagutzeko diagnostikoa egiten ari da erakundea. Orain, lanketa osatu nahi dute, eta testuinguru horretan, foro irekia egingo dute bihar, 18:30ean, Elkargunean.

Ibai Fresnedo Moreno gizarte dinamizatzaileak eta sexu hezitzaileak dinamizatuko du foroa. Hiruki Larroxaren sortzaileetako bat da hura, baita Noiz bukatzen da armairua? liburuaren egileetako bat ere. Inkestak eta elkarrizketak egin dituzte Azkoitiko diagnostikoa osatzeko, baita testigantzak jaso ere. Foroan, baina, herritarren ideiak eta iritziak ere bildu nahi ditu erakundeak.

Hori hala, udalak herritarrak animatu ditu biharko bileran parte hartzera: "Garrantzitsua da sentsibilizazio lanarekin jarraitzea, diskriminazio ezaren mezua zabaltzea eta sexu nahiz genero aniztasuna ikusaraztea, esparru baztertzaileak desagerraraziz. Pertsona guztiek seguru sentitu behar dute, eta askatasunean zein berdintasunean bizitzeko aukera izan. Horretarako ari gara lanean; eskubideez ari gara", adierazi du Mertxe Zubillaga zinegotziak.

LGTBI kolektiboarekiko ikuspegiari buruz egindako inkesta baten arabera, azken datuek erakusten dute diskriminazioak bere horretan dirauela. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan biztanleen %15 inguruk adierazi dute azken urtean diskriminazioren bat pairatu dutela. Egoera horien %76 baino gehiago ez dira salatzen, eta horrek zuzenean eragiten die LGTBI pertsonei. Udalak azaldu du, gainera, gorroto diskurtsoen aurkako ahotsa "urteko egun eta toki guztietan altxatu" behar dela, berdintasun erreala "kili-kolo" dagoen bitartean.

Azpeitia

Azpeitian, ostiralerako –maiatzak 15– antolatu dute LGTBIfobiaren aurka batzeko ekitaldia. Hain zuzen ere, Ertzetako ahotsak oholtzara dokumental laburra emango dute egun horretan, Sanagustin kulturgunean. Emakumeen Txokoak, Azpeitiko Udalak, Astindu Armayuek kolektiboak eta Eihera kooperatibak antolatu dute saioa.

Ikus-entzunezko horrek hainbat lekukotza jasotzen ditu, Azpeitiko LGTBIQ+ pertsonen bizipenak, memoriak eta esperientziak bilduz. Dokumentalaren bidez, ahots horiek erdigunean jarri nahi izan dituzte, memoria kolektiboa eraikitzen laguntzeko eta erreparazioan sakontzeko. Hain zuzen ere, sentsibilizazioa lantzeko erabili nahi dute dokumentala, besteak beste, herriko ikastetxeetan.

Lana ikusteko lehen aukera ostiral honetan izango da, Sanagustin kulturgunean, 18:00etatik aurrera. Azpeitiko LGTBIQ+ diagnostikoa bezala, dokumentala ere Eihera kooperatibak egin du. Proiekzioaren ondoren, galderak egiteko aukera ere egongo da.

Ostiral arratsaldeari amaiera emateko, 19:00etan, DJ emanaldia izango da. Jabetze eskoletako DJ tailerrean parte hartu dutenek jarriko dute musika. Aurten, lehen aldiz antolatu dituzte LGTBIQ+ pertsonentzako Jabetze Eskolak, eta horien barruan eskaini duten tailerretako bat izan da DJ tailerra. 

Zarautz

Zarautzen, datorren asteko asteazkenerako, maiatzaren 20rako, jarri dute hitzordua. Hain zuzen ere, bertso saioa izango da Emakumeen Etxean, eragile horrek eta Zarauzko Udalak elkarrekin antolatuta. Aner Peritz, Uxue Alkorta eta Maider Arregi ariko dira bertsotan, eta Amaia Agirre gai jartzaile lanetan. 18:30ean hasiko da saioa. 

Zumaia

Zumaian, LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean bertan, igandean, mobilizatuko dira. Enor asanblada transfeministak antolatuta, elkarretaratzea egingo dute, 12:00etan, Saregile plazan. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide