Udal langileen greba dela eta, Urola Erdiko eta Kostako mankomunitateek zerbitzu murritzagoa emango dute bihar

Aitziber Arzallus 2026ko maiatzaren 13a

Aizarnazabalgo edukiontziak. (Urola Erdiko Mankomunitatea)

Urola Erdiko Mankomunitateko eta Urola Kostako Udal Elkarteko langileek bat egin dute ELA eta LAB sindikatuek, Udalhitz hitzarmena hobetzeko helburuarekin, biharko deitutako grebarekin, eta eragina izango du bi erakunde horiek ematen dituzten zerbitzuetan. Horrez gain, grebak eragina izango du beste hainbat udal zerbitzutan ere. 

Udalhitz lan hitzarmenaren hobekuntza eskatzeko, ELA eta LAB sindikatuek biharko grebara deitu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udal langileak. Urola Erdiko Mankomunitateko langileek eta Urola Kostako Udal Elkartekoek bat egin dute greba deialdiarekin, eta ondorioz, murrizketak izango dira bi erakunde horiek ematen dituzten zerbitzuetan.

Honako murrizketak iragarri ditu Urola Erdiko Mankomunitateak:

  • Azkoitiko garbigunea itxita egongo da.
  • Azpeitiko bulegoa itxita egongo da eta ez dute arreta zerbitzurik eskainiko.
  • Azpeitiko hondakin komertzialen bilketarik ez dute egingo.
  • Azpeitiko herritarren edukiontzien bilketa zerbitzuan eragina izango du.
  • Industrialdeetako hondakinen bilketa murritzagoa egingo dute.
  • Aizarnazabalgo eta Zestoako ekarpen guneetako hondakinak ez dituzte bilduko.
  • Aizarnazabalgo konpostguneen eguneroko jarraipenik ez dute egingo.
  • Zestoako hondakin komertzialaren bilketan eragina izango du. 

Eta honakoak Urola Kostako Udal Elkarteak: 

  • Egoitza nagusia itxita egongo da; beraz, harrera zerbitzurik, garapen agentziaren zerbitzuak… ez dute emango.
  • Aiako, Zarauzko eta Zumaiako garbiguneak itxita egongo dira. 
  • Urteta zabortegia itxita egongo da.

Beste zerbitzu batzuetan ere eragina

Beste herri batzuetako hainbat udal zerbitzutan ere eragina izango du biharko grebak. Esate baterako, Azpeitiko igerilekua itxita egongo da egun guztian, eta horrenbestez, aurreikusitako ikastaro eta ekintza guztiak bertan behera geldituko dira.

Zumaian, Alondegia itxita egongo da, baita liburutegia ere, eta udalak jakinarazi du udal zerbitzuen ohiko funtzionamendurik ezingo duela bermatu. 

Zestoako Udalak, berriz, udal zerbitzuak itxita egongo direla jakinarazi du; hala nola, kiroldegia, liburutegia eta udaletxeko harrera. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide