Pilota Goxoko Gipuzkoako Txapelketa irabazi dute Joxemai Aranburuk eta Iñaki Iparragirrek

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 12a

Aranburu eta Iparragirre, goian, txapela buruan dutela. (GEPF)

Urbieta-Karrera bikoteari 16-11 irabazita jantzi zuten txapela Aranburuk eta Iparragirrek. Aurrez, Azkoitiko talde baten aurka aritu behar izan zuten haiek finalerdian. Donostiako Trinitate plazako frontoian jokatu zuten txapelketaren azken fasea.

Joxemai Aranburuk eta Iñaki Iparragirrek I. Pilota Goxoko Gipuzkoako Txapelketa irabazi dute. Azpeitiko eta Azkoitiko bizilagunek elkarrekin osatu dute bikotea txapelketan, eta haiek zapatuan jantzi zuten txapela, Donostiako Trinitate plazako frontoian irabazita. 

Finalera sailkatu aurretik, finalerdia jokatu zuten frontoi hartan bertan. Gainera, Azkoitiko bikote baten aurka aritu ziren orduan; Larrañaga, Garate eta Zubizarreta izan zituzten kontrario, eta txapeldunak 16-3 gailendu ziren haien aurka. Bigarren finalerdian, berriz, Arrieta-Gorostidi eta Urbieta-Karrera bikoteak aritu ziren nor baino nor gehiago, eta azken horiek 7-16 irabazi zuten. Hori hala, Aranburuk eta Iparragirrek Urbietaren eta Karreraren aurka jokatu behar izan zuten finala, eta 16-11 nagusitu ziren. 

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) antolatutako txapelketa otsailaren erdialdean hasi zuten Donostiako Antiguan, baina Azkoitiko Kontzejupean, Zizurkilgo zimitorioan eta Oiartzungo Kontzejupean ere jokatu dituzte aurreneko faseko partidak. Hain justu, Aranburu eta Iparragirre nagusitu ziren Azkoitian jokatutako txapelketan. Lau gune horietan jokatutako txapelketak aintzat hartuta puntu gehien lortu zituzten lau talde sailkatu ziren bigarren eta azken fasera, eta joan den zapatuan jokatu zituzten azken partidak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide