Orioko gizon-emakumeak garaile Gipuzkoako Trainerilla Txapelketan

Onintza Lete Arrieta 2026ko maiatzaren 11

Orioko gizon-emakumeak, atzo, txapelketako eta ligako banderekin. (Utzitakoa)

Atzo jokatu zituzten estropadak Mutrikun, eta Orio Arraunketa Elkarteko arraunlarientzat izan ziren banderak. Gizonezkoetan Getariak egin zuen bigarren, eta emakumezkoetan, hirugarren izan zen Zumaia. Hurrengo asteburuan Euskadiko eta Espainiako txapelketak izango dituzte jokoan. 

Larunbatean amaitu zen Gipuzkoako trainerilla liga, Hondarribian jokatutako seigarren jardunaldiarekin, eta gizonezkoetan Orio A gelditu da ligako txapeldun eta Getaria bigarren, eta emakumezkoetan ere bigarren izan da Orio, eta hirugarren, Zumaia. 

Ligak amaituta, igandean bertan, Gipuzkoako Trainerilla Txapelketak izan ziren Mutrikuko uretan, eta han ere Orio nagusitu zen bai gizonezkoetan, bai emakumezkoetan. Gizonezkoetan 13:26,91 denborarekin lortu zuen garaipena Oriok, eta 11 segundora Getaria sailkatu zen bigarren. Hondarribiarentzat izan zen hirugarren postua 14 segundora, eta Kaiarribak egin zuen laugarren, 26 segundora. 

Emakumezkoetan hiru segundoko aldea egon zen Orioren eta San Juanen artean, 15:20,28 egin baitzuten oriotarrek eta 15:23, 89 sanjoandarrek, eta Zumaia sailkatu zen hirugarren, 15:32,31 denbora eginda. 

Orio Arraunketa Elkarteak jakinarazi duenez, historian aurreneko aldiz izan dira garaile Orioko emakumezkoak. Gainera, ziaboga onenaren saria Maider Etxaniz oriotarren patroiak jaso zuen. 

Datorren asteburuan hitzordua Ondarroan (Bizkaia) izango dute arraunlariek, modalitate horretako Euskadiko Txapelketak jokatuko dituztelako. Espainiako Txapelketak ere orduan izango dira, Castron (Kantabria, Espainia). 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide