Herriartekoan aurrera egin dute Aiak eta Zarautzek

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 11

Gomazko paletan Zarautzek Zestoa kaleratu du final hamaseirenetako kanporaketan, eta orain, Azkoitiaren aurka jokatu beharko du. Eskuzkoan, berriz, Aiak Zizurkil kaleratu du final hamaseirenetan, eta Azkoitiarekin, Azpeitiarekin eta Zestoarekin batera final zortzirenetan izango da. Azpeitia eta Zumaia, aldiz, oker hasi dira erremintan.

Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa martxan da, eta eskualdeko zenbait herrik jokatu dituzte aurreneko kanporaketak eta partidak. Final hamaseirenetako kanporaketak gainditu dituzte Aiak, eskuzkoan, eta Zarautzek, gomazko paletan. Zestoa, berriz, lehiatik kanpo gelditu da, hain justu, Zarautzek menderatuta. 

Eskuzkoan, Aiak Zizurkilen aurkako kanporaketa gainditu du 4-2 irabazita. Joanekoan bezala, Aian jokatutako itzulerakoan ere bi eta bat irabazi zuten Aiakoek. Kadete mailan, Atorrasagastik eta Illarramendik 22-1 irabazi zuten; gazte mailan, Aizpuruk eta Iruretagoienak 3-22 galdu; eta nagusietan, Albenizek eta Orbegozok 22-15 irabazi. Orain, Oiartzun azken urteetako txapeldunaren aurka neurtu beharko ditu indarrak final zortzirenetan

Zarautzek eta Zestoak eskualde mailako derbia jokatu zuten gomazko paletan. Zarautzen etxekoek 2-1 garaitu zuten Zestoa, eta, joan den asteburuan, emaitza bera errepikatu zuten Zestoan. Hori hala, 4-2 irabazita sailkatu dira final zortzirenetan Azkoitiaren aurka jokatuko duten kanporaketara. Estrada zarauztarrak 11-20 menderatu zuen Rodriguez buruz burukoan; binakakoan, Landa-Etxabe bikote zarauztarrak 0-20 azpiratu zituzten Etxabe eta Larrañaga zestoarrak; eta buruz buruz zazpi koadroan jokatutako azken partidan Alonso zestoarrak 20-6 irabazi zion Uranga zarauztarrari.

Erremintako modalitatea, bestalde, igaro berri den asteburuan hasi da, eta eskualdeko bi ordezkariek, Azpeitiak eta Zumaiak, ez diote nahi bezala ekin. Nola Azpeitiak, hala Zumaiak, bi eta huts galdu dute. Azpeitiak Olaberrian jokatu zuen joanekoa, eta estu bada ere bi lehiak galdu zituen. Larruzko palan, Alkorta eta Garaizar 35-32 erori ziren, eta pala motzean, Martijak eta Sanchezek 40-29 galdu zuten. Zumaiak ere esku-eskura izan zuen berdinketa, baina, azkenean, esku hutsik amaitu zuen partida. Larruzko palan, Floresek eta Pichelek 21-35 galdu zuten, eta pala motzean, Garikanok eta Martinek 39-40.

Bi herriei maldan gora jarri zaie kanporaketa, baina oraindik itzulerako partidak falta dituzte. Azpeitia etxean arituko da aste honetan, eta Zumaiak Oiartzunen jokatuko du. Aurrera egingo balukete bi herriek, Azpeitiak Donostiarekin jokatuko luke final laurdenetan, eta Errenteriarekin Zumaiak. Hona hemen erremintako txapelketaren koadroa: 

Eskuzkoan, lau herri

Hiru modalitateetan zehaztuta gelditu dira final zortzirenetako kanporaketak. Eskuzkoan, aste honetan bertan ekingo diote lehiari Azkoitiak, Azpeitiak eta Zestoak. Azkoitiak Zegamarekin neurtuko ditu indarrak, Azpeitiak Amezketarekin, Zestoak Adunarekin, eta Aiak Oiartzunekin. Hona hemen koadroa: 

Gomazko paletan ere lau

Gomazko paletan, bestalde, Aia, Azkoitia, Zarautz eta Zumaia dira eskualdeko ordezkariak. Aia final laurdenetako kanporaketan sartuko da lehian, baina gainerakoek badakite noren aurka lehiatu beharko duten final zortzirenetan. Azkoitiak eta Zarautzek elkarren aurka jokatuko dute, eta Zumaiak Soraluze izango du kontrario. Hona hemen koadroa: 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide