Apostasia

Luzia Alberro: "Erlijio bati publikoki uko egiten ari zara; hori gauza serioa da"

Juan Luis Romatet 2026ko maiatzaren 4a

Luzia Alberro Donostiako gotzaindegiko idazkari nagusia. (Guka)

Gaur egun ezinbestekoa baldin bada ere, Elizako mezulariak ez zuen Haize Galarraga elkarrizketatu apostasia egin zuen garaian. Badu horrek arrazoi bat: apostasia egiteko prozedura denborarekin aldatzen joan dela esan du Luzia Alberrok (Astigarraga, Gipuzkoa, 1975), Donostiako gotzaindegiko idazkari nagusiak. Hark azaldu duenez, prozeduraren oinarriak Vatikanotik jasotzen dituzte, baina gero, elizbarruti bakoitzak bere ezaugarrietara egokitzen ditu horiek. Egun indarrean dagoen apostasiarako prozedura 2007koa da, baina Alberrok dioenez, aurretik ere izan ziren beste arautegi batzuk, "1990ekoa edo 1994koa, esaterako".

Apostasia egitea norberaren erabakia izan behar duela azpimarratu du Alberrok, "modu pertsonalean, kontzientean eta askean" hartutako erabakia, "inolaz ere ez inork behartuta". Adinez nagusia izan behar da prozedura martxan jartzeko, eta Elizak hori hala dela ziurtatu behar izaten duela adierazi du; izan ere, haren hitzetan, "gauza serioa" da apostasia, "publikoki erlijio bati uko egiten ari zarelako".

Apostasiaren esanahiak berak jasotzen du haren publikotasuna. Idazkari nagusiaren esanetan, eskatzaileak publikoki adierazi behar du zein den bere asmoa. "Ez da nahikoa zure buruari edo inguruko bati esatea, eta, hori garrantzitsua da, Elizak horren berri izan behar duelako; Elizak aukeratutako mandatari bati eman behar diozu hartutako erabakiaren berri". Duela hamarkada batzuk egiten ziren prozeduretan herrietako parrokoek bideratzen zituzten apostasia kasuak, baina 2007ko arautegia aplikatzearekin batera, gotzaindegiak hartu du bere gain ardura hori, Donostiako Elizbarrutiak hala erabakita.

Prozedura, berez, gauzatzeko erraza dela dio Alberrok. "Eskatzaileak bataiatuta egon behar du, eta hori hala dela ziurtatzen duen agiria eskatu beharko du bataiatu zuten parrokian edo elizan". Gero, apostasia egiteko eskaria idatziz igorri behar zaio gotzaindegiko eliz notarioari, eta hark elkarrizketarako hitzordua emango dio eskatzaileari. Elkarrizketa horien helburua "entzutea eta hitz egitea" dela zehaztu du idazkariak, baita baldintzak betetzen direla ziurtatzea ere. "Azken finean, egintza juridiko bat da, eta ondo egiten dela ziurtatu egin behar da", nabarmendu du. Halaber, apostasia egiteak dakartzan ondorioak ere azaltzen dizkiote eskatzaileari. "Behin apostasia egin eta gero ezingo duela sakramenturik hartu esaten zaio; ezingo duela bataio, sendotza edo ezkontza batean aitabitxi edo amandre izan; ezingo duela Elizatik ezkondu; eta, berez, ezingo diotela hileta elizkizunik egin", adierazi du Alberrok.

Izapide horiek beteta, eskatzailea bataiatu zuten elizako parrokoari ohar bat bidaltzen diote, bataio liburuan, eskatzailearen izenaren alboan, apostasia egitea erabaki duela jar dezan. Behin pauso hori emanda, eliz notaritzak eskatzaileari azken gutun bat igortzen dio, prozedura bukatu dela esateko. Eskatzaile batzuek, gainera, haien izena bataio liburutik ezabatzea ere eskatzen dute, baina Alberroren esanetan, hori "ezinezkoa" da, "gertaera historiko bat delako".

Donostiako Gotzaindegiko eliz notaritzak dituen datuen arabera, 300 lagun inguruk egin dute apostasia Gipuzkoan azken urteotan: 93 lagunek 2023an, 114k 2024an, eta 79k, iaz, 2025ean. Urte horietan, zortzi izan ziren apostasia egina zuten eta erlijio katolikora itzuli ziren pertsonak. Iazko datuei dagokienez, gizonek baino emakume gehiagok egin zuten apostasia, eta adin aldetik, eskatzaileen gehiengoa 1960ko hamarkadan jaiotakoa zen. Jatorriari erreparatuz gero, aldiz, Donostialdekoen ondoren, Urola bailarakoak izan zen apostata gehienak.

Apostasia egiteko eskaeren hazkundeak, testuinguru jakin batekin edo albiste kaltegarriekin baino, Eliza barruan izandako aldaketekin edo Elizako agintariek egindako adierazpenekin lotura handia izan dezakeela uste dute gotzaindegian. Halaber, herri jakin batzuetan apostasia egiteko abian jartzen dituzten kanpainek ere eskaera kopuruan eragiten dutela diote. "Baina apostasia norberak egin behar duen zerbait da, ezin zara taldean etorri egitera", argitu du Alberrok.

Iazko datuen arabera, fedea galtzea izan zen erlijio katolikoari uko egitearen arrazoi nagusia. "Erlijioaren balioak ontzat hartzen zituztela zioten batzuek, baina ez zirela fededun; fedearen galera da arrazoi nagusia, eta fedearen galera horrengatik ez dutela beren burua Elizan ikusten", esan du Alberrok.

Gotzaindegiko idazkariak nabarmendu du azken urteotan beste fenomeno bat bizitzen ari direla elizbarrutian: erlijio katolikora hurreratzea erabaki duten helduena, hain zuzen. "Badira bataiatu nahi duten gazte-helduak, eta heldutasunera heltzean sendotza egitea eskatu dutenak ere bai". Zentzu horretan, iaz adin nagusiko 112 lagunek egin zuten konfirmazioa. "Gaur egungo gizartean, galderak egin eta erantzun bila dabiltzan horietako batzuek, agian, erlijioan aurkituko dute erantzuna, eta haiengan egin behar dugu guk indarra".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide