Langileen Nazioarteko eguna gogoratuko da datorren ostiralean, maiatzaren 1ean. Urola Kostako LAB sindikatuak Zumaia aukeratu duten Maiatzak 1eko manifestazioa egitego, baita ondoren egingo den bazkarirako ere.
Eguerdiko 12:00etan egingo da manifestazioa, ostiralean, Beheko plazatik abiatuta. Haren amaieran, ekitaldi politikoa egingo du sindikatuak. Jarraian, 14:00etan, herri bazkaria egingo dute Kofradiako plazatxoan. Bazkarirako txartelak dagoeneko salgai daude eskualdeko puntu desberdinetan: Zumaian Inpernupen, Zarautzen Arranon, Azpeitian Orkatzen, Zestoan Portalen eta Orion Kolon Txikin. Zarauzko eta Azpeitiko LABen egoitzetan ere eskuratu daitezke.
LAB sindikatuaren arabera, ostiralean Zumaian egingo duten manifestazioa Euskal Herri mailan egingo duten 26 deialdietako bat izango da. Bertan, langileek bizimodu duina bermatzeko ezinbestekoak diren hiru neurri zehatz aldarrikatuko dituzte, etxebizitza eskubidea, kalitatezko zerbitzu publikoak eta soldata nahiz pentsio duinak, alegia.
Aurtengo maiatzaren lehena gerraren testuinguruan kokatzen dela ere gogoratu du sindikatuak, eta aurreko gatazkekin gertatu bezala, patronala "faktura langileei ordainarazten" saiatuko dela ere adierazi du, "prezioak garestituz eta enpleguari nahi lan baldintzei eraso eginez". Eskualdean horren adibidez zehatzak daudela ere adierazi du LABek, eta Sidenor, Juaristi, Aitek edo Estaños Matienako lan gatazkak gogoratu dituzte.
Bestalde, gogoratu du patronalak "entzungor egiten" diela "bidezkoak eta bideragarriak" diren gutxieneko soldata propio duina ezartzeko proposamenei, eta salatu du Eusko Jaurlaritzak zein UGT eta CCOO sindikatuek elkarrizketa soziala "instituzionalizatzeko asmoa" erakutsi dutela, "euskal langileen beharrei muzin eginez, gehiengo sindikalari bizkarra emanez eta atxikimendu politikoaren salerosketaren eskema hauspotuz".