Maiatzaren Lehenean Europako Batasunari, NATOri eta Sionismoari ezetz esan eta gerra inperialisten aurka kaleak hartzera deitu du Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak, Iruñean egingo duten manifestazioan parte hartzera deituz.
Kontseilu Sozialistak salatu du mendebaldeko inperialismoaren krisia lehuntzeko "aterabide gerrazalearen hautua" egin dutela mendebaldeko potentziek. "AEBk eta Israelek abiatutako ofentsibari jarraitu diote erabat mende hartuta dauden NATO eta Europar Batasunak. Hori dela eta, kapitalismoaren aurpegirik gordinena ikusten ari gara: genozidioak, presidenteak bahitzea, kubatarrak gosez hiltzea… Horixe nahi dute munduko langileriarentzat: pobretzea, gerra eta heriotza".
Horregatik, azken asteetan kaleetan adierazi dute beharrezkoa ikusten dutela Europako Batasunari, NATOri eta Sionismoari ezetz esatea eta gerra inperialisten aurka egitea. Testuinguru horretan, eskualdeko hainbat enpresek duten "esku hartzea" gaitzetsi du Kontseilu Sozialistak: "Enpresa zein banku horiek interes amankomunak dituzte, denek negozioa egiten baitute gerratik eta hark eragiten duen miseriatik. Industria militarra industria sektore errentagarrienetako bat da Europan, NATOren agindupean eta Europako Batasunetik bultzatzen ari diren militarizaziorako apustua medio".
Eskualdeko hainbat enpresa seinalatu ditu Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak: "Xubi Groupek gerrarako askotariko materiala ekoizteko (Leopard tankeak, droneak, sateliteak...) piezak egiten ditu. Sidenor ere, sektore militarrerako hainbat pieza ekoizten ari da. Eta berriki frogatu den moduan, Israeli ere materiala bidaltzen jardun du azken urteetan. Tecnaliari dagokionez, Ikerketan eta garapenean jarduten du batez ere, baita gaitasun militarretara eta segurtasunera bideraturiko teknologian ere. Gainera, Xubik nahiz Tecnaliak material militarreko ferietan parte hartu izan dute. Bestalde, gerrara bideraturiko ekoizpenak bankuen finantziazioari esker funtzionatzen du. Zentzu horretan, BBVA eta Santander bezalako bankuek milioika euro bideratzen dituzte arma industriaren parte diren enpresetara; negozioa eginez".
Gerra estrategiaren ondorioz, "langile gehiengoaren bizi baldintzak are gehiago" okertzen ari dira Kontseilu Sozialistaren arabera, "oinarrizko produktuen garestitzea edota zerbitzu sozialen desmantelamendua horren adibideak dira". Horregatik, gerren aurka borrokatu beharra aldarrikatu dute, gerrak sustatzen dituztenen kontrako kontzientzia zabalduz, esku hartzen duten enpresei presio eginez nahiz konplizeak salatuz.