Gipuzkoako Trainerilla Ligako bigarren jardunaldia Pasaiako uretan jokatu zuten atzo 16:30ean hasita. Eskualdeko klub guztiek parte hartu zuten, eta seniorretan nagusi izan ziren Zumaia emakumezkoetan, eta Orio, gizonezkoetan.
Telmo Deuneko emakumeek 15:10,78 denbora egin zuten, San Juan baino 9 eta Orio baino 23 segundo bizkorrago helmugaratuta. Zumaiarren B ontziak, berriz, laugarren egin zuen, lanak etxekoengandik 33 segundora amaituta. Orio B, berriz, seigarren izan zen, Zumaiagandik minutu batera helmugaratuta.
Gizonezkoei dagokienez, Orio Arraunketa Elkarteko seniorrak garaipenarekin itzuli ziren, aurreko jardunaldian bezala. 13:07,90 denbora eginda, 12 segundoko tartearekin irabazi zioten Hondarribiari. Getariak bosgarren egin zuen, eta seigarren, Zarautzek.
Kopan ere ari dira parte hartzen gizonezkoak, eta hor ere Orio nagusitu zen. B ontziak irabazi zuen estropada 13:14,69 denbora eginda, eta C ontzia izan zen bigarren, ia minutu erdira, hori bai. Zarautz B eta Zarautz C bosgarren eta zazpigarren izan ziren atzokoan kopan.
Gainerako kategorietan ere lehian
Seniorretan ez ezik, eskualdekoak beste kategorietan ere lehiatu ziren. Kadete mutiletan, esaterako, oso fin ibili ziren, eta Zarautzek irabazi zuen estropada –Getaria laugarren izan zen–.
Kadete nesketan Zumaia seigarren, Zarautz zazpigarren eta Getaria bederatzigarren helmugaratu ziren atzokoan, eta jubenil mutiletan hirugarren egin zuen Getariak, eta bosgarren, Zumaiak.