Intza Gurrutxaga: "2023tik hona antolatu egin dira euskararen kontrako indarrak"

Mailo Oiarzabal 2026ko apirilaren 23a

Intza Gurrutxaga, gaur, Azpeitiko plazako kioskoan. Han egingo dute Euskaltzale Independentisten II. Topaketaren ekitaldi nagusia, zapatuan. (Mailo Oiarzabal)

Euskal Herrian Euskarazek (EHE) antolatutako Euskaltzale Independentisten II. Topaketaren lekuko izango da bihar eta etzi Azpeitia. EHEren koordinatzaile Intza Gurrutxaga getariarrak azaldu ditu topaketa horren arrazoiak eta helburuak.

Euskaltzale independentisten "elkargune eta topagune" bihurtuko da bihar eta etzi, apirilak 24 eta 25, Azpeitia. Euskararen kontrako bateko eta besteko oldarraldien aurrean, hausnartzeko, saretzeko eta aurrera begira jartzeko abagune gisa ikusten du Intza Gurrutxagak (Getaria, 1996) bera koordinatzaile den Euskal Herrian Euskarazek (EHE) antolatutako Euskaltzale Independentisten II. Topaketa.

Dena prest al duzue bi egunotarako?

Bai. Beti gertatzen dira azken uneko gorabeherak, edo azken momentura arte lotu ezin diren edota gure esku ez dauden beste gauza batzuk. Baina esan genezake, bai, dena nahiko lotuta daukagula dagoeneko. Ea jendearen erantzuna nolakoa den; hori ez dago gure esku, hein batean, baina zabalpenean ahalegin berezia egiten ari gara azken egunotan.

Zapatu arratsalderako doako hainbat tailer antolatu dituzue. Zer moduzko harrera ari dira izaten?

Egunetik egunera gehitzen joan dira izen emateak azken egunetan, eta aurrez online izena eman ez dutenek zapatuan bertan ere izango dute apuntatzeko aukera. Gauza bera esan dezaket bazkarirako zein gauean Maruxak taldeak eta Tapia eta Leturia Bandek emango dituzten kontzertuetarako sarrerei buruz ere. Positiboak gara, eta izaten ari garen harrerarekin gustura gaude.

Bigarren aldiz egingo duzue Euskaltzale Independentisten Topaketa. Zergatik eta zertarako?

2019 eta 2021 artean Astindu izeneko barne prozesua egin genuen EHEren barruan, garai hartan taldea oso ahul zegoelako eta testuingurua aldatu egin zela ikusten zelako, militatze eredua ere aldatu egin zela ikusten zelako, eta EHEk testuinguru berrira egokitzeko beharra zeukalako. Barne prozesu horretan, hainbat aldaketa egin ziren oinarri ideologikoetan, etorkizuneko lan ildo berriak ezarri ziren, antolaketa eredua berrikusi zen eta, erabaki guzti horien barruan, hobetsi zen bi urtez behin edo maiztasun jakin batekin, behintzat, egingo zen topaketa bat, euskaltzale independentistak batuko ziren topagune bat, sortzea.

EHE sorreratik izan da eragile independentista, baina Astindu prozesuaren ostean esplizitatu zen euskarak biziraun zezan behar genuela estatu propio bat, eta estatu propio batek hizkuntza bati eman diezazkiokeen lege babesa eta gainerakoak. Horrela, ikusten zen guk batera ulertzen ditugun bi borrokak lotzeko beharra, bai independentziarena edo nazio askapenarena, bai euskararena. Topaketa hauen helburua da euskaltzale independentistak batzea, saretzea eta komunitate hori indartzea. Aldi berean, esan bezala, bi urteko maiztasunarekin egitea aurreikusi genuen. Egia da lehen bien artean hiru urte pasatu direla, baina maiztasuna ezartzearen arrazoian ez du horrenbeste eragin horrek. Izan ere, helburua da topaketa batetik bestera bi urteko perspektiba horrekin jokatzea, bide orri batzuk markatzeko. Finean, Azpeitiko topaketa izango da hausnarketarako eta hainbat eztabaida mahai gainean jartzeko momentua; eta ondoren, hortik aterako diren ideiak eta proposamenak bi urteko epean lantzeko eta horiei lehentasunez heltzeko tartea irekiko da.

Villabonan (Gipuzkoa) duela hiru urte egindako lehen topaketatik helburuak ez direla aldatu esan duzue, baina bai testuingurua. Zer aldatu da, bada, azken urteotan?

Alde batetik, gu zuzenki zapaltzen gaituzten bi egitura dauzkagu, Espainiako eta Frantziako estatuak, eta horiek bere horretan jarraitzen dute, euskara eta euskaldunak zapaltzen. Baina azkenaldian ikusi da zapalkuntza mekanismo horiek basatiago bilakatu direla, publikoki oldartu direla, ahots harroagoaz ari direla. EAEn ikusi da hori batik bat, oldarraldi judizial deitu zaion horrekin; eta horrekin batera, ikusi da badagoela oldarraldi politiko, mediatiko eta sindikal bat, zeinak elikatzen duen euskararen kontrako oldarraldi hori guztia. Uste dugu 2023tik hona kontrako indar horiek antolatu egin direla eta kanpaina zehatzak jartzen dituztela martxan euskaldunon kontra, eta Argia-k Errenteriako Udalaren [Gipuzkoa] oposizioen gainean argitaratutako informazioak islatzen du hori. Eta horren guztiaren gainetik, badago mundu mailan indartzen ari den eskuin muturrerako joera, euskaldunen zein hizkuntza gutxituen kontrako oldarraldia ere indartzen duena. Hor ere ikusten dugu arriskua, mundu mailan indartzen ari den olatu horrek Euskal Herrian hizkuntza eskubideei dagokienez zer ondorio izan ditzakeen aurreikusterakoan. Beraz, eta alde ilunetik begira, azken hiru urteotan euskararen kontrako indarrak akaso agerikoago gelditu direla iruditzen zaigu.

Baina, bestetik, hiru urteko tarte horretan Euskalgintzaren Kontseiluak larrialdi linguistikoan gaudela aldarrikatu du, euskalgintzak diagnostiko bateratua egin du edo, gutxienez, izena jarri zaio gauden egoerari. Hiru urteotan, lortu da herritarrek euskararen gainean kontzientzia handiagoa hartzea; esango nuke duela hiru urte baino presenteago dagoela, kalean zein agenda politikoan, euskararen gaia, nahiz eta guk nahi bezainbeste ez izan. Behar hori identifikatu da, esateko pizkunde berri bat behar dugula, euskaltzaleon mobilizazio eta kontzientzia hartze masiboak behar ditugula.

Zer ekarpen egin dezake Euskaltzale Independentisten Topaketak euskaldunen aktibazioan?

1960ko hamarkadan sortu zen euskararen pizkundea euskaltzaleen eta gizartearen mugimendu sakon eta indartsua izan zen, eta hori da orain ere nolabait aldarrikatzen dena. Orain arte egiten aritu garenak, eta asko izan da, honaino ekarri gaitu; eta izugarrizko borrokari esker izan da, baina gauzak beste modu batean egiten hasi beharra dago. Uste dugu euskaltzaleok lortu behar dugula kontzientziatzea eta mobilizatzea. Topaketa EHEren zereginen barruan kokatzen da, eta EHEren zeregina da euskararen borroka kalera ateratzea, euskaltzaleen aktibazioa ekintza zuzenen eta desobedientzia ekintzen bitartez egitea. Kasu honetan, hausnartzea, formatzea eta ikastea izango dira topaketaren ardatzak, elkar ezagutzetik eta saretzetik, uste dugulako garrantzitsua dela, ekintza zuzenak egiterakoan edo tokiko borrokak aktibatzerakoan, analisi hori egitea. EHE eragile nazionala da, Azpeitian Euskal Herri osotik etorritako jendea elkartuko gara eta horrek ere izugarrizko garrantzia dauka: urte osoan euskararen borrokan aritzeko Euskal Herri mailako sareak eta komunitatea indartzea. Hori ere bada topaketaren ekarpena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide