Eskualdeko hainbat udalerritako udal langileek bat egin dute ELAk eta LABek gaurko deitutako lanuztearekin

Onintza Lete Arrieta 2026ko apirilaren 23a

Azpeitian, Orion, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian egin dituzte protestak. Maiatzaren 14rako eta ekainaren 4rako egun osoko grebara deitu dute sindikatuek. Udalhitzeko hitzarmena eguneratzea eta erabakiak Madrilen beharrean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hartzea dira eskaera nagusiak. 

Urola Kostako hainbat udalerritako udal langileek egin dute bat ELA eta LAB sindikatuek gaurko deitutako bi orduko lanuztearekin, eta hala, 11:00etatik 13:00etara udaletxe aurreetan bildu dira, Udaletako lan baldintzak hemen erabaki lelo hartuta. Besteak beste, Azpeitiko, Orioko, Zarauzko, Zestoako eta Zumaiako udal langileek egin dituzte elkarretaratzeak, albiste honetako argazki bilduman ikus daitekeenz. Gaurko protestaz gain, maiatzaren 14rako eta ekainaren 4rako sindikatuek egun osoko greba egunak deitu dituzte.

Sindikatuen deialdia Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udal langile guztientzat izan da, eta bi eskari nagusitan oinarritu dituzte protestak: batetik, udal langileen lan baldintzak ez erabakitzea Madrilen, euskal administrazioan baizik; eta bestetik, Udalhitzeko hitzarmena eguneratzea –Udalhitz euskal toki erakundeetako langileen lan baldintzak arautzen dituen akordioa da– lan baldintzak hobetzeko.

Azaldu dutenez, hitzarmena 2008tik berritu gabe dago, eta gainera, hitzarmeneko puntu batzuk "kendu egin dituzte aldebakarreko erabakiz", esaterako, primak. Langileek eroste ahalmenean izan duten galera ere azpimarratu dute, KPI ere ez dietelako igo soldatetan. 

Dena den, bihar bilera egingo du Eudel Euskadiko Udalen Elkarteko Udalhitzen mahai negoziatzaileak, eta posible da gutxieneko akordioetara iristea bi parteak; hala balitz, maiatzeko eta ekaineko greba deialdiak bertan behera utziko lituzkete. 

Argazkiak: utzitakoak eta Julene Sorarrain.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide