Inklusioaren eta Aniztasunaren Europako Hiriburua sariak banatu dituzte gaur Bruselan, eta Azpeitiko eta Orioko udalak izendatuta zeuden sariketa horren finalerako. Orioko Udala bi kategoriatan zegoen izendatuta: 50.000 biztanletik beherako toki erakundeen kategorian eta merkataritza inklusiboaren sari berezian. Azpeitiko Udala, berriz, 50.000 biztanletik beherako toki erakundeen kategorian zegoen izendatuta. Azkenean, bi zilarrezko domina eskuratu ditu Orioko Udalak; hau da, izendatuta zegoen kategoria bakoitzean bigarren sailkatu da erakundea. Azpeitiko Udala, berriz, esku hutsik itzuli da Bruselatik. Anuska Esnal Orioko alkatea eta Azpeitiko Udaleko Parekidetasun zinegotzia izan dira Bruselako sari banaketa ekitaldian, oroigarriak jasotzen.
50.000 biztanletik beherako udalerrien multzoan, beste lau udalerrirekin batera zegoen Orio finalista izendatuta. Hautagaien artean ziren Gipuzkoako beste bi herri ere: Azpeitia eta Errenteria. Horiez gain, Galiziako San Xoan de Rio eta Italiako Mariscovetere zeuden izendatuen zerrendan. Hain zuzen ere, Errenteriak eskuratu du urrezko domina, Oriok zilarrezkoa eta San Xoan de Riok brontzezkoa. Merkataritza inklusiboaren sari bereziaren kasuan ere, Errenteriak eskuratu du lehen saria, Oriok bigarrena eta Italiako Milanek hirugarrena.
Europako Batzordeak sustatutako sari horiek udalek berdintasunaren, inklusioaren eta aniztasunaren alde egiten duten lana aitortzea dute xede. Orioren hautagaitza hiru proiektu eta lan ildo nagusitan oinarritu da: "hainbat urtetako gogoetaren ondoren", iazko udazkenean martxan jarri zuten Parrilla Festan; udalak azaroan aurkeztu zuen Bizitza Askeak Plazer indarkeriaren aurkako estrategian; eta 2023tik martxan den Saregile emakumeen etxean. Udalak azpimarratu du hiru proiektuek "norabide bera" jarraitzen dutela: Orio herri bizi, ireki eta kohesionatu gisa sendotzea, tradizioa eta berrikuntza, zaintza eta parte hartzea, ondarea eta etorkizuna uztartuz. Gaur egungo erronkei erantzuteaz gain, etorkizuneko Orio irudikatzeko ere balio dute, udalaren ustetan.
Azpeitiko Udala, bestalde, LGTBIQ+ kolektiboaren beharrak erdigunean jarriz, aniztasuna eta inklusioa udal politiketan modu errealean eta eraginkorrean txertatu izanagatik zegoen hautagaien artean. Izan ere, azken bi urteotan, diagnostikotik ekintzetara arteko bidea egin du erakundeak arlo horretan, eta elkarlanean egindako prozesu hori hartu du kontuan Europako Batzordeak.