Igandean, apirilaren 26an, ospatuko du Sañu Bizirikek aurtengo Sañoa Eguna. Aurtengoa "berezia" izango dela adierazi du talldeak, "Sañoa inguruko mendigaineko zelaiak txikitzekoa zen zentral eoliko proiektua atzera bota eta gero egingo den lehena izango baita". "Garaipen kutsua" izango duen eguna izango dela aurreratu du Sañu Bizirikek, "hiru urte luzez auzotarrek, mendizale taldeek, naturaren kontserbazioaren aldeko elkarteek eta, oro har, herritarrek lurraldearen defentsan aurrera eramandako borrokaren emaitzaz gozatzeko" eguna izango delako.
Ospatzeaz eta gozatzeaz gainera, aldarrikapenak ere tokia izango du igandean Sañoa Egunean, Sañu Bizirikek nabarmendu duenez, ezin baita ahaztu onartzeko dagoen Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak (LPS) eskualdean bertan, Sañoa-Etumetatik bertatik bertara, Errezilen Komisolatza ingurua, Aizarnako ibarra eta, hegoalderago, Beizama eta Bidania-Goiatz arteko mugartea "jopuntuan" ipini dituela, "makroproiektuak direla eta –bai eolikoak, bai fotovoltaikoak–". "Izan ere, berriki zabaldu du Eusko Jaurlaritzak makroproiektu berriztagarrien hedapen azkarreko egitasmoa", gogoratu du taldeak.
Igandean Sañoara taldean joateko hiru udalerritatik antolatu ditu irteerak Sañu Bizirikek: Azpeititik 09:00etan irtengo dute plazatik; Zestoatik 09:00etan da irteera Gurutzetik eta Errezildik 08:30ean irtengo dute Sañoara. Behin Sañoara igotakoan, goiza girotzeko trikitilariak eta auzotarrek eskainitako salda eta mokaduak izango dira bertaratzen diren denentzako.
Bihar asteazkena, hitzaldia
Sañoa egunaren aurretik, biharko (apirilak 22), Energia berriztagarrien sokatira hitzaldia antolatu du Sañu Bizirikek. Aitziber Sarobe eta Alain Arruti LPS Honi Ez! dinamikako kidea izango dira biharko hizlariak. Solasaldia, 19:00etan da, Azpeitiko Azoka Plazako aretoan.