Eskualdeko atletek hainbat domina irabazi dituzte Gipuzkoako Atletismo Txapelketan

Iraia Oteiza 2026ko apirilaren 20a

Naiara Tena, larunbateko txapelketan. (Alberto Benito)

Atletismoko aire libreko Gipuzkoako txapelketak jokatu dituzte asteburuan Arrasaten. Naiara Tena azpeitiarrak 23 urtez azpikoen 400 metroko proba irabazi du; Julen Ansoalde azpeitiarrak 200 metroko parte hartze libreko proba; Naroa Azkue oriotarrak 400 metro hesiko proba; eta Djiara Ndaok 18 urtez azpiko 200 metroko lasterketa.

Atletismoko aire libreko Gipuzkoako txapelketak jokatu zituzten larunbatean Arrasateko (Gipuzkoa) Mojategiko pistan, eta eskualdeko atletek hainbat domina bildu zituzten. Azkoiti-Azpeitiko Xeye atletismo taldeko eta Orioko Kamel Ziani atletismo taldeko kideak nabarmendu dira asteburuan Arrasaten. 

23 urtez azpikoen 400 metroko Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen Xeye taldeko Naiara Tena azpeitiarrak, proba 58.13 denboran osatuta. Julen Ansoalde azpeitiarrak, berriz, 200 metroko parte hartze libreko proba irabazi zuen, 00.23.43 denbora eginda. Era berean, Ansoalde txapeldunorde izendatu zuten 100 metroko proban, 00.11.44 denbora ezarrita; 

Bestalde, Xeyeko Jokin Maiz azpeitiarra bigarren sailkatu zen 1.500 metroko proban, 04.15.61 denbora eginda, baina hura 20 urtez azpikoen artean onena izan zen, eta adin horretako txapeldun izendatu zuten. Xeyeko Julen Zialtzeta, aldiz, hirugarren sailkatu zen proba berean, baina 18 urtez azpikoetan lehena sailkatu zen. Ane Boschek ere, Zialtzetak bezala, hirugarren postuan amaitu zuen 1.500 metroko lasterketa, baina 18 urtez azpikoetan onena izan zen. Zialtzetak 04.16.52 denbora egin zuen, eta Boschek 05.00.16 denbora.

Ibai Maiz, berriz, bosgarrena izan zen 1.500 metroko probako sailkapenean (04.17.71), eta 18 urtez azpikoen mailako hirugarrena izan zen. 600 metroko proban parte hartu zuen, bere aldetik, Laia Urrestillak, eta txapeldunorde gelditu zen, 01.45.43 denbora ezarrita. 

Orioko Kamel Ziani taldekoek ere parte hartu zuten proban, eta haiek ere bi txapelketa lortu zituzten. Naroa Azkuek lehenengo aldiz 400 metro hesiko lasterketan parte hartu zuen, 20 urtez azpiko kategorian, eta urrezko domina eskuratu zuen, 01.06.27 denborarekin. Djiara Ndaok, berriz, 200 metroko lasterketan parte hartu zuen, 18 urtez azpiko mailan. Maila horretan, lehenengo postua eskuratu zuen, 00.25.92 denborarekin bere marka pertsonala hobetuz (00.26.44) eta Gipuzkoako txapeldun geratuz. 

Bestalde, Ibai Agirrezabal bigarren izan zen 100 metroko distantzian, 23 urtez azpiko kategorian, 00.11.12 denborarekin, bere marka pertsonala (00.11.33) hobetuz. Eta Irati Agirrezabalek zilarrezko domina lortu zuen, 200 metroko distantzian, 20 urtez azpiko kategorian, 26:35 denborarekin, bere marka pertsonala hobetuz, eta Gipuzkoako txapeldunorde geratuz. 

Ane Bosch, ilaran aurrena, larunbateko txapelketan. (Alberto Benito) 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide