Etxean nagusituta, Zaharrak Berri taldeak aurrera egingo du Herriarteko Bertso Txapelketan

Maialen Etxaniz 2026ko apirilaren 19a

Zarauztarren aurka Azpeitiko saioa irabazita, Gipuzkoako Herriartekoaren finalerdietara sailkatu dira Zaharrak Berri taldekoak. Urola Erdiko eta Urola Kostako talde irabazleek atzo arratsaldean jokatu zuten saioa Sanagustin kulturgunean, eta giro polita sortu zen bertsoen bueltan. Zarauzko Allepunta taldeak txapelketa agurtu behar izan du. 

Martxan da Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketaren bigarren fasea, eta Azpeitiko bertsolariek lehian jarraitu beharko dute. Atzo, larunbatez, jokatu zuten Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketaren final laurdenetako saioetako bat Azpeitian, eta parez pare aritu ziren Urola Erdiko eta Urola Kostako kanporaketetan aurrera egindako bi taldeak: Azpeitiko Zaharrak Berri eta Zarauzko Allepunta. Antolatzaileek eta bertsolariek aurreikusi baino ikusle gehiago bertaratu zen saioaz gozatzera Sanagustin kulturgunera, eta giro polita sortu zen bertsoen bueltan.

18:00etan hasi zen kanporaketa, eta ia bi ordu iraun zituen. Orotara, sei bertsolari aritu ziren kantuan: alde batetik, Zaharrak Berri taldeko Beñat Lizaso, Haritz Etxeberria Ministro eta Leire Ostolaza. Bestetik, Allepunta taldeko Hodei Iruretagoiena, Julen Zulaika eta Felix Zubia. Herriarteko Txapelketa elkarlanean antolatzen den egitasmoa izanik, gai jartzaile lanak eskuz esku egin zituzten Zaharrak Berri taldeko Oihana Elduaienek eta Allepuntako Ibon Aristik. 

Orotara, hamar ariketa egin behar izan zituzten saioan zehar: librean, hamarreko txikian, oinak emanda, zortziko txikian, zortziko handian, puntu erantzunetan, bakarka, koplaka, atzekoei kantari eta puntuka. Askotariko gaiak izan zituzten kanturako gai, eta, besteak beste, zaharren egoitzan bizi diren egoiliarren rolean, iruzkin arrazistak entzun dituzten futbol jokalarien azalean, elkarren ondoan bizi diren baserritarren ahotik edota bakarrik sentitzen den pertsonaren lekuan jarrita egin zituzten ariketetako batzuk. Umoretik dezente izan zuen saioak, batez ere, Ministroren bertsoaldietan.

Azkenean, jardun ederra eginda, Zaharrak Berri taldea izan zen garailea, 18 punturekin. Allepuntak, berriz, 12 puntu bildu zituen. Horrenbestez, Azpeitiko taldeak txapelketan aurrera egingo du finalerdietara sailkatuta. Maiatzaren 9an izango dute finalerako txartela lortzeko aukera, Deba Goieneko Leintz edo Xarmaginak taldearen aurka. Oñatin izango da finalerdietako lehen saio hori. Bigarrena, berriz, Tolosan izango da maiatzaren 16an. Bi finalerdi horietako garaileek kantatuko dute Aiako finalean, maiatzaren 30ean. Datozen hitzordu guztietarako sarrerak salgai daude dagoeneko. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide