AEKren egoitzetan eskola bat doan jasotzeko aukera egongo da datorren asteazkenean

Onintza Lete Arrieta 2026ko apirilaren 16a

AEKren Orioko egoitza.

Ordubeteko saioak eskainiko dituzte Orioko, Zarauzko eta Zumaiako egoitzetan. "AEK-k euskararen pizkunderako zer eskaini ahal duen erakutsi nahi diogu Euskal Herri osoari", adierazi du erakundeak. 

AEK-k Eskola bat doan izeneko egitasmoa jarri du martxan, 24. Korrikak utzi dituen "sentsazio indartsuei helduta", erakundeak "hainbat konpromiso" hartu dituelako. "Gugandik hasita, AEK-k euskararen pizkunderako zer eskaini ahal duen erakutsi nahi diogu Euskal Herri osoari".

Datorren asteazkenean, hilaren 22an, izango dute herritarrek ordubetez eskola doan jasotzeko aukera. Orion, 10:00etatik 11:00etara izango da eskola, AEKren egoitzan (Arrantzale kalea, 33). Zarautzen, 18:00etatik 19:00etara (Zuberoa kalea, 16-18). Zumaian, berriz, 15:00etatik 16:00etara (Bidasoa kalea, 1).  

Informazio gehiago eskuratzeko ondorengo telefono zenbakietara deitu behar da: Orion 607 42 00 25 zenbakira; Zarautzen 607 60 21 94 zenbakira; eta Zumaian, 607 62 54 98 zenbakira.

Maiatzaren 21ean, berriz, Mintzodromoak egingo dituzte Euskal Herri osoan zehar, baina horri buruzko xehetasunak aurrerago emango dituzte. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide