Realaren finala ikusteko zaleen guneak, eskualdean zehar

Andoni Elduaien 2026ko apirilaren 15a

Zaleentzako guneak jarriko dituzten herrietako ordezkariak, Anoetan. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Azkoitian, Zarautzen eta Zumaian jarriko dituzte Cartujan jokatuko duten finala ikusteko pantaila erraldoiak. Eskualdeko 11 alkateetatik zortzi Sevillan izango dira, Realaren gonbidapena onartuta.

Realak eta Atletico Madrilek Espainiako Kopako finala jokatuko dute larunbatean, Sevillan (21:00). Realzaleek beraientzako gune propioa izango dute han, Cartuja estadiotik gertu, baina Gipuzkoan ere izango dira zaleentzat egokitutako guneak; hain zuzen ere, 11 udalerritan jarriko dituzte fan zone-ak edo zaleentzako guneak, tartean Urola Kosta eskualdeko hiru herritan. Futbol partida hori zuzenean ikusteko aukera izango da, hain justu, Azkoitian, Zarautzen eta Zumaian, horretarako jarriko dituzten pantaila erraldoien bidez. Dena den, pantailez gain, ekintza ugari izango dira gozamenerako.

Azkoitian, txaranga doinuekin hasiko dira hitzordurako berotzen. Arratsaldean, 18:45etik aurrera, hasiko dira Sugarri txarangako musikariak kaleak girotzen, eta 21:00etarako prest izango da pantaila erraldoia herriko plazan. Erakundeak 6x3 metroko pantaila jarriko du, Sevillako finala ez da-eta "edonolako gertaera" Azkoitiko Udaleko Igor Isuskiza Kirol zinegotziaren esanetan: "Sevillara joan ezin duten zaleek ahalik eta gehien gozatzea da gure nahia, eta talde txuri-urdinarekin batera Igor Zubeldia azkoitiarra animatzea, festa eta ospakizun giroan. Zuzenean eta herri gisa bizi nahi dugu egun horretan Cartuja estadioan gertatuko dena". Euria egiten badu, Gurea frontoian jarraitu ahal izango da finala.

Zarautzen, bestalde, Zelai Ondo auzoan jarriko dute pantaila erraldoia, nahiz eta hasiera batean Lege Zaharren Enparantzan ziren hura jartzekoa. Partidaren aurretik, festa giroan murgiltzeko jarduerak izango dira han ere, hala nola haurrentzako txokoa, DJ saioa, txaranga eta argazkien gunea. Haurren txokoa 17:30ean zabalduko dute, eta ordu berean hasiko da DJen emanaldia ere. Era berean, herrian zehar txaranga ibiliko da 17:30etik 19:30era, baina gero Zelai Ondora joko dute haiek ere, herritarrek partida elkarrekin ikusteko aukera izango duten gunera, hain justu.

Berezia izango da Zumaiaren kasua, herria repetizioetako ospakizunetan murgilduta egongo da-eta Realak Sevillan jokatu bitartean. Beraz, herritarrek nahiz bisitariek festa bikoitzaz gozatzeko aukera izango dute. Zumaiako Udalaren ekimenez, Odietan jarriko dute futbol partida ikusteko pantaila erraldoia. Aldiz, euria egiten badu, Sagarbiden jarriko dute zaleentzako gunea. Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez jarriko dituzte pantailak herrietan, udalen inplikazio zuzenarekin. Goizane Alvarez aldundiko Kultura eta Kiroletako diputatuak nabarmendu duenez, egitasmoak "oso ondo" islatzen du Gipuzkoa: "Gipuzkoak bat egin du une itxaropentsu eta berezi honetan Realari laguntzeko. Finala gure herrietan eta hirietan bizitzea nahi dugu, hurbiltasunez, modu partekatuan eta herritar guztiei irekita. Kirola komunitatea egiteko, kidetasun sentimendua indartzeko eta batzen gaituena elkarrekin ospatzeko modu bat da". Pantailak jartzearen helburua bikoitza da: alde batetik, erakundeek eta gizarteak Reala "hitzordu historiko batean sozialki babestea" nahi dute, eta bestetik, "ospakizun kolektibo, hurbil eta jasangarri bat sustatzea".

Zenbait alkate, Sevillara

Datozen egunetan, asko izango dira Urola Kostako herrietatik Sevillara bidaia egingo duten realzaleak. 2021eko apirilaren 3an, Realak Athleticen aurka irabazi zuen final hartan ez bezala, oraingoan zaleek bertatik bertara ikusi ahal izango dute beren taldea. Partida estadio barruan ikusteko sarrera izan ala ez, eskualdetik hara joandako txuri-urdin ugari bilduko da Cartuja zelaiaren bueltan, eta horien guztien artean izango dira Urola Kostako zenbait alkate ere.

Realak Gipuzkoako 88 alkateei egin die Sevillara joateko gonbidapena, eta horietako batzuek baiezkoa eman diote klub txuri-urdinari; beste batzuek, aldiz, ezezkoa. 2021eko Espainiako Kopako finalean, Realak Gipuzkoako udalerri guztietako banderak jarri zituen klubeko kideek Sevillan atseden hartu zuten hotelaren sarreran, Gipuzkoa osoa han ordezkatuta egon zedin.

Orain, berriz, herri eta hirietako agintari gorenak gonbidatu ditu klub txuri-urdinak. Hori hala, Realaren etziko finala ikusteko bidaia egingo dute Aiako Jon Ander Azpirozek, Aizarnazabalgo Mari Karmen Arregik, Azkoitiko Ana Azkoitiak, Azpeitiko Nagore Alkortak, Getariako Haritz Alberdik, Zumaiako Iñaki Ostolazak eta Zarauzko Xabier Txurrukak. Aldiz, ez dute gonbidapena onartu Beizamako Pedro Otaegik, Orioko Anuska Esnalek eta Zestoako Mikel Arregik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide