Euskadiko Batel Txapelketako finalak jokatu dituzte gaur goizean Sestaon (Bizkaia). Atzo izan ziren sailkapen estropadak, eta eskualdeko arraun klub guztiek lortu zituzten txartelak gaur A eta B finaletan lehiatzeko. Orio Arraunketa Elkarteko (OAE) neska-mutilek, esaterako, sei ontzi uretaratu dituzte, horietako bost A finaletarako, eta bi garaipenarekin etxeratu dira: senior gizonak eta kadete mutilak. Zarautz Arraun Elkarteko (ZAE) emakume seniorrak ere bikain aritu dira, eta bigarren egin dute.
Bosna talde aritu dira elkarren aurka maila eta kategoria bakoitzean. Estropada lehiatuak izan dira horietako asko. Gizonezko seniorren norgehiagokan, esaterako, Oriok estropada 08:53,38 denboran osatu du. Kaiarriba sailkatu da bigarren, hiru segundora, 08:56,84 denbora eginda; hirugarren, berriz, Zierbena izan da, 08:59,84 denborarekin. Pasai Donibanek egin du laugarren, eta CDR Iberiak, bosgarren.
Emakume seniorretan ere hiru segundoko aldea bakarrik egon da aurreneko bi sailkatuen artean: Pasai Donibanerentzat izan da garaipena, 10:04,27 denborarekin. Zarautzek 10:07,92 denbora egin du, eta Hibaika sailkatu da hirugarren postuan, 10:12,87 denborarekin. Ondarroak egin du laugarren, eta Deustuk, bosgarren.
Eskualdekoen emaitzak
Oriotarren gainerako emaitzei dagokienez, A finaletan infantil mutilek hirugarren egin dute, kadete neskek laugarren, eta 23 urtez azpiko mutilek bosgarren; eta infantil neskek, B finalean, hirugarren.
Zarautzi dagokionez, jubenil neskak laugarren sailkatu dira, eta kadete mutilak, hirugarren, B finalean.
Zumaiak eta Getariak ere parte hartu dute Euskadiko Txapelketan. Zumaiak B finalak jokatu ditu jubenil mutiletan eta infantil nesketan, eta bietan bigarren postua eskuratu dute arraunlariek. Getariak, berriz, A finalak jokatu ditu jubenil mutiletan eta infantil nesketan, eta laugarren eta hirugarren izan dira, hurrenez hurren.