Basauriko hilketa matxista salatu dute plazetara aterata

Nerea Uranga 2026ko apirilaren 4a

Atzo eta gaur, Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako plazetara atera dira hainbat herritar indarkeria matxistaren kontra egiteko. Basauriko hilketa matxista gaitzesteko Urola Erdiko Itaiak egindako deiei erantzunez egin dira protestak. Azkoitiko eta Azpeitiko udalek ere gaitzetsi egin dute Basauriko hilketa, baita Azpeitiko Feministen Sareak ere.

Atzo arratsaldean Azpeitiko plazan, eta gaur 13:00etan Azkoitiko eta Zestoako plazetan elkarretaratzeak egin dituzte Indarkeria matxistari aurre egin! lelo hartuta eta Urola Erdiko Itaiak deituta. Hainbat herritarrek egin dute bat indarkeria matxistaren kontrako Itaiaren deialdiekin.

Joan den asteazkenean emakume bat hilda aurkitu zuten Basaurin (Bizkaia), eta poliziak emakumearen bikotekidea atxilotu zuen atzo Bilbon, indarkeriazko hilketa egotzita. Urola Erdiko Itaiak "babesa eta elkartasuna" adierazi die Basaurin hildako emakumearen ingurukoei, eta indarkeria matxistarekin bukatzeko borroka eta antolakuntza indartu beharra aldarrikatu ditu: "Indarkeria matxistarekin, aski da!".

Azkoitiko eta Azpeitiko udalek ere elkartasuna adierazi die biktimaren senideei eta gertukoei, eta indarkeria matxistaren aurrean beren gaitzespena adierazi dute. Azpeitiko Feministen Sareak idatziz adierazi du, "minduta, nazkatuta eta amorratuta" daudela, eta "indarkeria matxistarik gabeko bizitzak" aldarrikatzen dituztela: "Aski da!".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide