Naroa Agirrek Munduko Pilota Txapelketan parte hartuko du

Nerea Uranga 2026ko apirilaren 4a

Munduko Pilota Txapelketan parte hartuko duen Euskal pilota selekzioa; Badiola atzeko lerroan ezkerretik lehena eta Agirre atzeko lerroan ezkerretik laugarrena. (Utzitakoa)

Agirre pilotari arroarra Euskal pilota selekzioarekin lehiatuko da apirilaren 6tik 12ra bitartean Argentinako Mendozan jokatuko den XI. Munduko Pilota Absolutuko Txapelketan. Alaitz Badiola azpeitiarra ere txapelketa horretan izango da Euskal Pilota Federazioaren ordezkari gisa. Txapelketa Esku Pilotako Konfederazio Internazionalak (C.I.J.B.) antolatutakoa da.

Pilotako beste Munduko Txapelketa bat jokatuko du Naroa Agirre (Arroagoia, 2003) pilotariak. Iaz Mexikon 23 urtez azpiko Munduko Frontball Txapelketan aritu zen Euskal selekzioarekin, eta datorren astean, apirilaren 6tik 12ra artean, Argentinako Mendozan jokatuko den XI. Munduko Pilota Absolutuko Txapelketa jokatuko du, Euskal pilota selekzioarekin.


Naroa Agirre pilotari arroarra.

Alaitz Badiola azpeitiarra ere Munduko Pilota Txapelketan izango da, Euskal Pilota Federazioaren ordezkari gisa.

Atzo goizean aurkeztu zuten Abadiñon (Bizkaia), Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren egoitzan, apirilaren 6tik 12ra bitartean Argentinako Mendozan jokatuko den C.I.J.B. erakundeak antolatutako XI. Munduko Pilota Absolutuan lehiatuko den Euskal pilota selekzioa. Aurkezpenean adierazi zutenez, txapelketa "nazioarteko egutegiko hitzordu garrantzitsuenetako bat" izango da, eta Euskal ordezkaritzak modalitate guztietan parte hartuko du, gizonezkoetan zein emakumezkoetan.

Garrantzi handiko txapelketa

Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren 31 pertsonako delegazioa joango da Mendozako Munduko Pilota Txapelketara: "22 pilotari, lau hautatzaile, fisioterapeuta bat eta federazioko lau ordezkari. Antolaketa horren helburua da modalitate guztietan parte hartze egokia bermatzea, bai kirol arloan bai ordezkaritza eta logistika aldetik ere". Pilotarietako bat da Agirre eta federazioko ordezkarietako bat Badiola.

Bestalde, federazioak nabarmendu du Mendozako hitzordua "garrantzi handikoa" izango dela, bai kirol ikuspegitik eta bai ikuspegi instituzionaletik. "Alde batetik, selekzioak aukera izango du CIJBren egituran lantzen diren modalitate guztietan nazioarteko mailan lehiatzeko; bestetik, nazioarteko presentzia sendotzeko eta federazioaren antolaketa gaitasuna erakusteko beste pauso bat izango da."

Mendozan jokatuko duten Munduko Pilota Txapelketa apirilaren 6ko arratsaldean hasiko da inaugurazio ekitaldiarekin, eta hilaren 12an bukatuko da sari banaketa ekitaldiarekin eta itxierako afariarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide