Buruz Buruko Txapelketako partidek hartuko dituzte Azkoitiko eta Zarauzko kantxak datozen asteetan

Ane Olaizola 2026ko apirilaren 1a

Peña II.a, partida bat jokatzen. (EITB)

Lehen eta bigarren mailako Buruz Buruko Txapelketako final zortzirenak jokatuko dituzte larunbatean Aritzbatalden, eta Azkoitian, berriz, final laurdeneko partida jokatuko dute hilaren 10ean Artolak eta Larrazabalek. Sarrerak salgai daude bietarako. 

Buruz Buruko Txapelketa aurkeztu zuten atzo Bilboko Bizkaia frontoian egin zuten ekitaldian, eta han jakinarazi duten datorren asteburuan hasiko den lehian izango diren pilotarien zerrenda. Guztira, Baiko zein Aspeko seina pilotari ahaleginduko dira maiatzaren 31ko finalean txapela janzten. Asteburuan hasiko da txapelketaren final zortzireneko fasea, eta Zarautzen jokatuko dute horietako bat, larunbatean; Azkoitian, berriz, final laurdenetako partida bat jokatuko dute hilaren 10ean. 

Aritzbatalde frontoian, hiru partida ikusteko aukera izango da larunbatean, 18:00etatik aurrera: lehen eta bigarren mailako Buruz Buruko Txapelketako final zortziren bana, eta bikotekako beste bat, hain zuzen ere.

Lehen mailako Buruz Buruko Txapelketan Peña II.a eta P. Etxeberria ariko dira nor baino nor txapelaren bila. Aurretik, ordea, bigarren mailako partida ikusi ahal izango da, bi anai aurrez aurre jarriko dituena: Zubizarreta III.a Zubizarreta IV.aren aurka ariko da.

Horretaz gain, beste partida bat jokatuko dute larunbatean, bikoteka. Hain zuzen ere, Artolak eta Landak Larrazabalen eta Imazen aurka jokatuko dute.

Hitzordurako sarrerak ondorengo lotura honetan eros daitezke.

Azkoitian, final laurdena

Bestalde, jakinekoa zen txapelketaren final laurdenetako ligaxkako partidetako bat Azkoitian jokatuko dutela hilaren 10an, baita protagonistetako bat Iñaki Artola iazko txapeldunordea izango zela ere; orain, hark Gureako kantxan izango duen arerioa jakinarazi dute: Iker Larrazabal; Baikokoak biak.

Lehen mailako txapelketaren partida ez ezik, bigarren mailako txapelketen beste bat ere jokatuko dute Azkoitiko jardunaldian. Bigarren mailako A taldeko irabazleen artekoa izango da norgehiagoka hori.

Hilaren 10ean, 20:45ean hasiko dira partidak, eta sarrerak dagoeneko salgai daude Entradas Fronton webgunean. Kantxako sarrerek 35 euro balio dute, eta goiko harmailakoek eta errebotekoek, 25 euro. Dena den, egunean bertan Gureako leihatilan ere salduko dituzte sarrerak, baldin eta aurrez agortzen ez badira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide