Larunbat arratsaldean jokatu zuten Gipuzkoako Batel Ligako azken jardunaldia Pasaian (Gipuzkoa), eta bertan izan ziren Getariako, Orioko, Zumaiako eta Zarauzko arraunlariak. Lan ona egin zuten guztiek jardunaldian. Hitzordu garrantzitsua zen, alde batetik, mailaz maila, ligako banderak banatu behar zituztelako, eta bestetik, atzo goizeko Gipuzkoako Batel Txapelketara sailkatzeko proba baliogarria zelako.
Oriotarrek gizonezko senior, infantil eta kadeteetan lortu zuten atzoko txartela, kategoria bakoitzean lehenengo lau postuetan geratu ziren ontziek lortu baitzuten aukera. Zehazki, seniorrak hirugarren izan ziren ligan, eta infantilak eta kadeteak, ligako garaile. Atzokoan ere lan dotorea egin zuen Oriok: garaipen bana lortu dute infantil eta kadete mutilek, eta bigarren izan dira senior gizonezkoak. Garaipenak segundo batengatik ihes egin die horiei. Kaiarribak irabazi du estropada 08:45;51 denborarekin, eta Oriok 08:47;14 denbora egin du. Getaria izan da hirugarren, hemeretzi segundora.
Zarautz Arraun Elkarteko emakume seniorrek eta jubenil neskek lortu zuten atzorako txartela. Lan ona egin zuten txapelketan: emakume seniorrek San Juan, Hernani eta Mutriku izan zituzten aurkari, eta bigarren egin zuten, San Juanen atzetik. Tarte handiz gailendu ziren pasaitarrak, 09:45 denbora egin eta ZAEri 17 segundoko aldea aterata. Hirugarren izan zen Hernaniri, berriz, 37 segundoko aldea atera zien. Jubenil neskak, berriz, hirugarren izan ziren.
Zumaiarrek infantil eta promesa nesketan eta jubenil mutiletan lortu zuten atzo goizerako txartela, eta hirugarren –infantil neskak– eta laugarren postuak –kadete neskak eta jubenil mutilak– erdietsi zituzten.
Getaria hiru ontzirekin aritu zen atzokoan: infantil neskek, eta jubenil eta senior mutilek parte hartu zuten Gipuzkoako Batel Txapelketan. Infantil neskek bigarren egin zuten, lan bikaina burutu ondoren. Jubenil mutilek, berriz, hirugarren postuan amaitu zuten, baita seniorrek ere.