Iker Eizmendi: "Ez du zentzurik liga Madrilen hasteak; zirku baten parekoa da"

Jone Bastida Alzuru ('Berria' egunkaria) 2026ko martxoaren 29a

Iker Eizmendi, Orion aritu zen sasoian. (Jabi Gonzalez Toston)

Gazteek arraunean segitzeko gogoa izateko zerbait aldatu behar dela uste du Eizmendik. Esperantza ontzian ariko da aurten, eta txalupa ondo dabilela azpimarratu du.

Arraun ibilbidea hasi zuen toki berean amaitu nahi du Iker Eizmendik (Azpeitia, Gipuzkoa, 1994), eta, hortaz, etxera bueltatu da, Getariara. Ondarroan, Orion eta Donostiarran egin du arrraun azken urteetan. Luze-zabal aritu da bere ibilbideaz, denboraldiaz, arraunaren egoeraz eta etorkizunaz.

Nola hartu zenuen Getariara itzultzeko erabakia?

Nekatuta nengoen, bai buruz eta bai fisikoki. Irabazi egin nahi nuelako aritu naiz kanpoan, baina gauzak aldatu dira: etxea, umea, lana... Arrauna uztea nuen buruan. Bertakoek animatzeko esan zidaten, eta, azkenean, ibilbidea hemen amaitzea erabaki dut, Getarian. Hemen hasi nintzen, eta kariño handia diet. 

Lehen aldiz ariko zara Getariarekin maila nagusian.

Bai. Barruan ditudan helburu txikietako bat ere bada hori: Getariarekin maila nagusian jardutea, eta, ahal bada, Kontxako estropada jokatzea. Berezia litzateke; badut gogoa. 

Traineruan ez dira aldaketa asko izan. Zer moduz dago taldea? 

Uste nuen baino animotsuago eta anbiziotsuago dago. Arrauna lasaiago hartzeko asmoz etorri naiz hona, baina ikusi dut jendea gogor ari dela entrenatzen, oso serio. Ahal den ondoen aritzeko gogoz daude guztiak, eta txalupa uste nuen baino hobeto dabil. Esperantza dugu tartean behin goiko horiek izorratzeko; lanak eman nahi dizkiegu. Gainera, antzematen da Getariakoa lagunarte bat dela, kuadrilla bat, oinarri sendo bat. Urte askoan aritu dira elkarrekin, eta garrantzitsua da hori.

Arrauna uzteko asmoa zenuela aipatu duzu. Orain zer moduz ari zara?

Hortxe ari naiz. Buruz uztekotan zaudenean, ez da erraza berriro hastea. Bertan jardunagatik ere, konpromiso handia eskatzen du, eta denbora kendu. Besteak nola ari diren ikusita, norberak ezin du arinkeriaz hartu. Baina gogotsu nago, lehen ez bezala. Azkenean, hor goian ibiltzeak presioa dakar, eta ez da erraza hori kudeatzea... Orain arraunari gustua hartzen ari naiz berriro. Neuk ere aldaketa moduko bat egin dut: haien erara egokitzeko asmoarekin etorri naiz, eta, egia esan, oso gustura nago. Giro oso ona dugu.

Azken urteak neketsuak izan dira zuretzat? 

Bai... Harantz eta honantz, espektatiba handiekin... Adibidez, Ondarroan ibili nintzen, eta handik Oriora egin nuen jauzi; urte hori oso gogorra izan zen. Espektatiba oso handiak genituen, jende oso ona zegoen ontzian, eta... oso gogorra izan zen ikustea gauzak ez zirela nahi bezala ateratzen. Taldean ere izan genituen gorabehera batzuk. Gero, Donostian aritzeko aukera sortu zitzaidan. Lehen urtea ona egin genuen, polita. Dudan egon nintzen segitu edo ez, baina jarraitzea erabaki nuen. Eta azken denboraldian kuota kontuekin eta... Etxekoak sartu behar dituzu, eta sartu behar zena nire postuan aritzen zen. Hori ere gogorra zen, bai harentzat eta bai niretzat. 

Elkarrizketa osorik irakur daiteke Berria.eus atari digitalean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide