Baserritar Misto Profesionala programaz informatzeko saioetako bat Azpeitian izango da

Nerea Uranga 2026ko martxoaren 22a

Baratzean lanean. (Guka)

Gipuzkoako Foru Aldundiaren programaren onuradunek enpresako lana eta baserrikoa bateratu ditzakete. Lurraldeko lehen sektorean belaunaldi erreleboa sustatzeko helburuz martxan jarritako egitasmoa da. Martxoan hainbat tokitan emango dituzte informazio saioak, Azpeitian asteazkenean izango da, 18:30ean, Basazabal jauregian.

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurten ere Baserritar Misto Profesional programaren deialdi berria eginda du. Gipuzkoan lehen sektorean belaunaldi erreleboa bultzatzeko helburuz martxan jarritako ekimenetako bat da programa hau, eta baserriko lana beste jarduera profesional batzuekin elkarbanatzen laguntzea du xede. Aldundiak adierazi du, hasieratik programak "harrera ona" izan duela hartzaileen artean: "Izan ere, programak laguntza teknikoa eta ekonomikoa eskaintzen dizkie nekazaritza arloan jarduera bat garatu nahi duten pertsonei, beste sektore batean beren lanaldia mantentzen duten bitartean".

Programaren nondik norakoak eta aurtengo berrikuntzak azaltzeko informazio saioak antolatu ditu aldundiak hainbat herritan. Urola Kosta eskualdean Azpeitian izango da saioa, martxoaren 25ean (asteazkena), 18:30ean, Basazabal jauregian. Hizlari Joseba Aranburu Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Lurralde Oreka Berdeko zuzendaria eta Iñaki Labaka sail horretako aholkularia izango dira. Horiez gainera, saioan parte hartuko dute Baserritar Misto Profesionala programan parte hartzen ari diren hainbat pertsonek.

Programan urte osoan zehar eman daiteke izena, eta horretarako edota informazioa eskatzeko bmp@gipuzkoa.net helbide elektronikora idatzi beharko da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide