Kudeaketa ekonomikoari buruzko ikastaroa antolatu du UKUEk eskualdeko merkatarientzat

Onintza Lete Arrieta 2026ko martxoaren 21a

Txanponak eta kalkulagailua.

Hamar orduko iraupena izango du ikastaroak, eta bina orduko bost saiotan banatuko da: apirilaren 28an eta 30ean, eta maiatzaren 5ean, 7an eta 12an egingo dute ikastaroa, 14:00etatik 16:00etara, Zarautzen, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan. Izena emateko epea zabalik da. 

Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) eskualdeko merkatarientzat hamar orduko doako  ikastaroa antolatu du apiril amaieran hasi eta maiatz erdialdean bukatzeko. Kudeaketa ekonomikoa zure esku izenburupean, Gipuzkoako Merkatarien Federazioarekin batera antolatutako saioen helburua da tokiko merkatariei kudeaketa ekonomikoa ulertzeko tresnak eskaintzea, beren negozioaren egoera hobeto ezagutu, ekintza plan eraginkorrak diseinatu eta etorkizunerako erabaki estrategikoak hartzeko.

Ikastaroa apirilaren 28an hasiko da, eta apirilaren 30ean, eta maiatzaren 5ean, 7an eta 12an egingo da, 14:00etatik 16:00etara, UKUEren Zarauzko egoitzan (Urdaneta Bidea 6). 

Izena enpresa@urolakosta.eus helbide elektronikora idatzita eman daiteke, edo 943-89 08 08 zenbakira deituta. 

Ikastaroaren edukia

UKUEk azaldu duenez, ikastaroa Veronica Hijarrubia enpresa-estrategia eta plangintzako trebatzaileak emango du, eta partaideek honako gaiak landuko dituzte: kontabilitateko oinarrizko kontzeptuak: inbertsioa eta amortizazioa, finantzaketa eta maileguak, gastuak eta diru-sarrerak, gastu finkoak eta aldakorrak; kontabilitateko tresnak: ustiapen balantzea, egoera balantzea eta diruzaintzaren kudeaketa; ekonomia eta finantza kudeaketaren oinarrizko funtzioak, kalkulu-orrien bidezko praktika aplikatuekin; eta merkataritza enpresen beharretara egokitutako kudeaketa koadroak diseinatzen eta erabiltzen ere ikasiko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide