Ezkuztako zubiko obrak tarteko, datorren astean hainbat egunetan errepidea erabat itxiko dute

Nerea Uranga 2026ko martxoaren 6a

Urtarrilean Urola ibaiaren gaineko obretan langileak. (Nerea Uranga)

Urola gaineko zubia berritzeko eta egonkortzeko lanak egiteko itxiko dute Azpeitia eta Zestoa arteko GI-631 errepidea, Ezkuztatik gorako tartean. Errepidea itxita dagoen une horietan, ibilgailu arinen trafikoa Magdalena kaletik bideratuko dute. Trafikoaren etenak martxoaren 9an, 11n, 14an eta 15ean izango dira.

Urtarrilean hasi zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak Azpeitia eta Zestoa arteko GI-631 errepidean (12,350 kilometro puntuan) Urola ibaiaren gaineko zubia birgaitzeko eta egonkortzeko lanak. Ordutik, errepidearen errei bat eta bidegorrria itxita daude, eta trafikoa semaforo bidez zuzenduta dago. Datorren astean, ordea, lanekin aurrera egiteko hainbat egunetan errepideko ibilgailuen trafikoa itxi egingo dute erabat.

Honako egunetan eta orduetan itxiko dute Zestoatik Azpeitirako sarreran ibilgailuen trafikoa:

  • Martxoaren 9an, astelehenean, GI-631 errepidea erabat itxiko dute asteleheneko 22:00etatik astearteko 06:00ak arte. Ibilgailu arinen trafikoa Azpeitiko herrigunetik bideratuko dute, Magdalena kaletik. IIbilgailu astunentzat, ordea, trafikoa erabat itxita egongo da ordu tarte horretan.
  • Martxoaren 11n, asteazkenean, Azpeitiko herrigunera Magdalena kaletik sartzeko bidea erabat etengo dute, asteazkeneko 22:00etatik osteguneko 06:00etara bitartean. GI-631 errrepideko trafikoa gaur egun bezala semaforo bidez zuzenduko da, txandaka bideratuz.
  • Martxoaren 14an eta 15ean, larunbatean eta igandean, GI-631 errepidea trafikoarentzako erabat itxiko da Urola ibaiaren gaineko zubian, larunbateko 06:00etatik igandeko 22:00etara bitartean, eta larunbatean, 08:00etatik 13:00etara, Magdalena kalea ere trafikoarentzako erabat itxita egongo da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide